Urkijok Ibarrako txupinazoa bertan behera uztea eskatu du biktimak "iraintzen" direlakoan

Ataria 2015ko abu. 20a, 14:57

Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijok azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiari jakinarazi dio euskal presoen senide eta lagunek botako dutela jaiak hasteko suziria. Informazio eskea egin zion atzo Juan Calparsorok eguerdian Ibarrako Udalari.

Jaien hasierako suziria Ibarrako errepresaliatu politikoen senide eta lagunek botako dutela dago iragarrita jai egitaruan eta hori "biktimekiko irain ekintza" bat da, Urkijoren ustetan. Estatuko abokatuari agindu dio txupinazoa bertan behera utzi eta Ibarrako Udalaren aurkako helegitea aurkez dezala.

Urkijoren arabera, "terrorismoaren biktimekiko beste umiliazio ekintza onartezin bat" saihestu nahi du: "Jakin dezatela biktimek beti izango dutela gobernuko ordezkaritzaren konpromisoa, ustezko garai berriek haiengan babes gabezia eragitea eta ETAren historia kriminala zuritzea saihesteko".

Udalaren erantzuna

Eguerdiko 14:00ak pasata iritsi zen atzo Juan Calparsororen jakinarazpena Ibarrako udalera. Estatuko Abokatuari Urkijok egindako eskaeraren berri jaso zuen EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak eta horregatik bidali zuen faxa Ibarrara. Oharrean fiskal nagusiak udalari galdetzen dio zein den errepresaliatuen senide eta lagunek txupinazoa botatzeko arrazoia.

"Egin zaion informazio eskeari erantzungo dio Ibarrako Udalak ondorengo orduetan eta beharrezko azalpen guztiak emango zaizkio", esan du Ixiar Arratibel Ibarrako alkate ordeak. Goizeko 8:00etarako bidali dute gaur informazioa faxez.

Herriko errepresaliatuen senide eta lagunek festen hasierako suziria botatzeko erabakia, festa batzordean hartutakoa dela nabarmendu du Arratibelek. "Duela urte batzuk, izen ezberdinak proposatu ziren txupinazoa botatzeko eta zozketa bat egin zen hurrenkera erabakitzeko. Hurrenkera horri jarraituz hartu da aurten erabakia". Ibarrako festa batzordean, udal ordezkariekin batera herriko eragileek hartzen dute parte. 

Hain zuzen, atzo 20:00etan egin zuen batzarra Ibarrako festa batzordeak. Iragarri dutenez, gaur txupinazoaren orduan, 12:00etan, agerraldia egingo dute plazan eta hartutako erabakiaren berri emango dute. Ekitaldi jendetsua izatea espero da.

Udaletik jakinarazi dutenez, "guk emandako informazioaren ondotik fiskal nagusiak hartzen duen erabakiaren zain geratuko gara eta horren arabera  eguerdiko agerraldian, festa batzordearekin batera jakinaraziko dugu zer egingo dugun". Hiru aukera daude, fiskaltzak erantzutea eta beraz, iragarrita zegoen bezala egitea ekitaldia. Baliteke fiskal nagusiak ekitaldia debekatzea edo eguerdirako erantzunik ez ematea. Atzo iluntzeko festa batzordean kasu bakoitzerako eman beharreko erantzuna adostu zuten. Eguerdian jakinaraziko dute.

Ibarrako jai egitarauan euskal presoen eskubideen aldeko banderola agertzeagatik ere jarri du salaketa Carlos Urkijo, Espainiako gobernuaren ordezkariak.

Eguerdiko 14:30etan Ibarrako Udalak jaso dituen agiriak dituzue hemen:

 

EH Bilduren balorazioa

EH Bildu koalizioak Ibarran gertatutakoaren harira, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jokabidea salatu nahi izan du, gaur, ohar baten bidez: "beste behin, PPk Gobernuaren Ordezkariaren figura erabiltzen du Euskal Herriko eszenatoki politikoan eragiteko. PPk hautestontzietan lortzen ez duena beste era batean lortzen saiatu nahi du".  Gaur Ibarran gobernu ordezkariak agertu duen jokabidearen atzean PPren ideologia "antidemokratikoa eta inposatzailea" dagoela nabarmendu du koalizio abertzaleak.   

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, aurtengo martxoan ospatutako osoko bilkuran, Espainiako Gobernuak Erkidegoan duen ordezkaria gaitzetsi eta figura horren desagerpena eskatu zuen. Eskaera hori gogora ekartzearekin batera, EH Bilduk azpimarratu du, soilik euskararen arlokoak zenbatuta, Urkijok 900 helegite jarri dituela euskal erakundeen aurka.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!