Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendia Europako Raid Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 5a, 10:57

Ibarrako Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal mendizaleak Europako Raid Txapelketan hartu dute parte. Irlandan izan da lasterketa eta Raid Aranen hirugarren postua lortu eta gero joan dira hara, "ilusioz beterik".

Berez ez zuten txapelketa honetan parte hartzeko asmorik, baina Raid Arango txapeldunek, Vall Fosca taldeak, eurekin parte hartzeko aukera eman zieten eta ezin izan zuten ezezkorik esan. "Beraz, hilabete genuen errekuperatu eta forma mantentzeko. Nahikoa zirudien, burua konbentzituta eta sentsazio onekin gindoazen. Lasterketako helburua: elkar ezagutuz ahalik eta lan txukunena egitea zen", esan dute. 


Lasterketa azkar hasi zela esan dute, baina beraien erritmoari eutsi ziotela beraiek. "Orduak pasa ahala, gure tokia bilatu genuen lasterketan (5-10 artean), baina gorputzak lehen abisuak ematen hasi zitzaizkigun. Ondorioz, erritmoa asko galdu genuen eta gure estrategia lasterketaren egoerara birplanteatu behar izan genuen. Eskerrak talde on bat osatzen genuen eta elkar lagunduz eta animoak emanez helmugara iristea lortu genuen. 70 ordu ondoren iritsi ginen helmugara: 20 km korrika, 40 km kayak, 10 5km BTT, 60 km trekking, 115 km BTT, 30 km trekking, 33 km BTTt, 17 km enduro BTT eta azkenik 17 km arrastaka helmugara iristeko oinez. Tartean coasteering bat eta rappel bat eginez. Guztira 2 ordu lo eginda; 1 ordu 30 minutu bigarren gauean eta 10-15 minutuko bi siesta beste bi gauetan", azaldu dute.

"Maila handiko" talde batekin Europako txapelketa batean parte hartzea "sekulako" esperientzia izan dela esan dute. "Garbi geratu da esperientzia asko dutela horrelako lasterketetan eta oso aberasgarria izan da guretzat, asko ikasi dugulako. Bestetik garbi geratu da maila altuko kirolariak direla Aitor eta David eta pertsona moduan hobeak oraindik". "Igarotako momentu eta oroitzapen politekin geratzen gara!! Eskerrik asko Vall Fosca emandako aukera honengatik", gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!