Uztaila dantzan bukatuko dute Alurr dantza taldeko dantzariek

Ataria 2015eko uztailaren 22a

Euskal Herri osoan zehar ibiliko dira. Larunbatean Mendaron 'Bi punturen artean' eskainiko dute arratsaldean, eta gauean Altzon eskainiko dute emanaldia

Uda izanagatik Alurr dantza taldeko jardunak ez du etenik. Eskolak bukatu zituzten, baina orain emanaldien txanda da. Uztaila dantzan bukatuko dute.  

Alurren barruan hainbat talde aritzen dira eta talde bakoitzarekin ikuskizun desberdinak prestatzen dituztenez, talde hauek euren lana herri eta leku desberdinetan aurkezteko aukera izaten dute.

Horiek horrela, larunbat honetan bertan, hilak 25, Mendaroko (Gipuzkoa) frontoian izango dira, 18:00etan, taldearen azken ikuskizuna, Bi Punturen Artean, aurkezteko.
Egun berean, 22:30ean, Altzoko frontoian emanaldia eskainiko dute Alurrek herrian eskaintzen duen ikastaroetako ikasleek. Urte osoan prestatutako hainbat dantza egingo dituzte.

Uztailaren 27an Soraluzeko (Gipuzkoa) Plaza Zaharrean, 13:00etan, dantza taldeko Errota eta Erronka taldeak ariko dira. Ordubeteko emanaldia eskainiko dute dantzariek.
Uztailaren 28an Alurr dantza taldea Ezpeletan (Lapurdi) izango da eta Oreka TX eta Kalakan taldeen emanaldian dantza egingo du, iazko esperientzia errepikatuz. Ezpeletako Gazteluan izango da hitzordua, 21:30ean.

Uztailaren 30ean Sopuertan (Bizkaia) izango dira. Alurrekoak Serbiako talde batekin dantzatuko dute 22:30etik aurrera. 25 minutuko bi emanaldi egingo dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!