Ibarrako merkatarien elkarteak 2016. urteko egutegia egiteko argazki lehiaketa bat antolatzea erabaki du aurten, eta saridunak aukeratu dituzte jada. Astelehen eguerdian bildu zen epaimahaia eta saridunen berri merkatari elkartearen Facebook orrialdean ematea erabaki zuten.
Epaimahaiak parte hartu ahal izateko aukeran zeuden hiru mailetatik, bitan saririk ez ematea erabaki du, hala eta guztiz ere. Hau da, 18 urtetik gorakoen eta 8-12 urte artekoen mailetan ez da saridunik egongo. Bai ordea, 13 eta 17 urte artekoen artean. Maila honetan sari bakarra eman beharrean, ordea, lau sari banatzea erabaki dute. Izan ere, «beste mailetan saririk eman ez dugunez eta honakoan jasotako lan gehienak lehiaketaren helburuarekin bat egiten dutenez, sari gehiago ematea erabaki dugu» esan dute.
Sarindunak Alex Chouza, Josu Blanco, Maider Romero eta Aimar Odriozola izan dira, eta bakoitzak elkartearen kide diren dendetan erabili ahal izango dituzten 50 euroko opari-txeke bana jasoko du. Saria emateko ekitaldia astelehenean izango da, eguerdian, plazan.