Lagun artean ikasten jarraitzeko aitzakia

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 23a, 17:00

Ibarran, eskualdeko beste hainbat herritan bezala, ikasturtean zehar kultur lantegiak egiten dituzte kultur etxean. Ikasleek hainbat arlo lantzen dituzte eta emaitza jendaurrean jarri dute erakusketa batean. Uztailaren 10a bitarte ikusi ahal izango da kultur etxean bertan.

Amaitu da ikasturtea eta atzera begiratu eta balantzea egiteko unea da. Hori egiteko modua ere izan daiteke erakusketa batean urteko emaitza erakustea, eta horixe da, hain justu, Ibarrako kultur etxean egin dutena. Bertan ikasturtean egindako kultur lantegietan landutako lanen erakusketa jarri baitute.
Ikasturtean zehar hainbat lantegi egiten dituzte Ibarran, tartean, egur zizelatzea, altzarien zaharberritzea, pintura, eskulanak eta ehoziriak lantzeko. Urte asko dira lantegi hauek egiten dituztela, eta irakasle gehienak ere urte askoko esperientzia dute Ibarran. Marta Minaya da berriena. Aurten hirugarren urtea izan du eta altzariak zaharberritzen aritzen da: «Bakoitzak bere martxa darama, jende berria sartzen denean, gauza batzuk erakusten dizkiet, baina orokorrean bakoitzak erabakitzen du zer egingo duen». Aurten 10 izan dira taldean eta 2 bakarrik izan dira berriak. «Urte asko daramatzate eta oinarrizkoena badakite», esan du. Zaharberritzen dituzten altzariak etxetik eraman ohi dituzte, baina batzuk arazoak izaten dituzten altzari zahar horiek lortzeko eta horregatik, «eta oso giro ona daukagulako», hileko hirugarren igandeetan egiten den azoka batetara ere joan izan dira altzariak hartzera.

Gainontzeko irakasleak urte mordoa daramatzate lantegietan. Egur zizelatzeko irakaslea, Maren Arrizurrieta, esaterako. 20 urte inguruko esperientzia du egiteko horretan. Eskolak «pertsonalizatu» egiten dituela dio: «Bakoitzak eskatzen edo behar duenaren arabera aritzen naiz. Hasieran, noski, teknika irakasten diet, baina gerora beraiek esandakoaren arabera aritzen naiz». Ikasleak urtetik urtera errepikatzen dutela dio eta batzuk 10 urte bete dituztela ere esan du. «Egur zizelkatzean gogoa behar da. Pazientzia hartu egiten da azkenean, garrantzitsuena gogoa da», esan du. Edozein egur lantzen dutela ere esan du, «komenigarria da egur desberdinak lantzea. Hasteko erraz batekin hasteko esaten diet, pagoarekin edo, baina gerora aldatzen joaten gara, ikasteko». Egur zizelkatzean ikasle gehienak gizonezkoak direla dio, salbuespena dena, normalean lantegi hauetan emakumezkoak izaten baitira nagusi. Guztietan errepikatzen den zerbait adinarena da, ordea, gehienetan jende heldua animatzen baita, «gazteek beste egiteko batzuk izango dituzte...», dio.

Emakumezkoak bakarrik
Ehoziri tailerrean ere emakumezkoak eta helduak dira nagusi. Arantxa Gragirena da irakaslea eta 7 bat urte darama horretan. Eskulanak egiten dituztela dio, baina gehienbat ehoziriak egiteko asmoz animatzen da jendea, aurten gainera 80 urteko emakume bat ere aritu da. «Datorren urtean jarraitzeko asmoa dute eta oso kontentu nago», esan du. Bere lana zalantzak argitzea da batez ere, eta «beraien lana bideratzea». «Oso gustura egoten gara, momentu atsegina pasatzen dugu elkarrekin», gaineratu du. Hemen ere emakumeak dira denak, «ez da behin ere gizonezko bat animatu. Ea norbait animatzen den datorren ikasturtean».

Eskulanen eta pinturaren ikastaroak ere eskaintzen dituzte Ibarrako kultur etxean. Lehenengoan Leire Marquinez aritzen da irakasle eta pinturan Jose Luis Longaron. Marquinezek esan duenez, «zabalik egoten da gure tailerra eta ikasleek nahi duten lanen arabera antolatzen ditut eskolak. 2005. urtetik taldea bera da. aurten bi berri besterik ez dira egon, beraz, beraiek ekartzen dituzte gaiak eta horretan aritzen gara. Aurten koadroak eta egurra margotu dituzte, kristala landu dute, bitxiak egin ditugu...». «Material desberdinak hartu eta horiek apaindu egiten ditugu. Aurten Veneziako maskara ezagunak egin ditugu, esaterako», gaineratu du. Urtero marmitak lantzen dituztela ere esan du Marquinezek eta bukatzeko, behin ere ez duela ikasle mutilik izan nabarmendu du. Gauzei bigarren erabilpen bat emateko modua dela ere esan du irakasleak: «Eskulanetako dendetan dauden objektuak apaintzen ditugu, baina baita etxeetan dauzkagun gauzak txukundu eta apaindu ere. Berrerabilpen bat emateko modua ere bada. Trasteei buelta bat ematen diegu hainbat teknika landuz». Eskulan tailerra oso zabala dela esan du Marquinezek, gauza desberdin asko egiten baitituzte. Lagun taldea osatu dute jada eta erlazionatzeko aitzakia ere badela dio.
Pinturako irakasleak ere gauza bera dio; «lagun talde bat gara eta denbora geratzeko aitzakia bilatzen dugu. Pinturako klasea erlaxatzeko era bada». Duela 17 bat urte sortu zen Ibarrako pintura taldea eta ikasleetako asko urtez urte errepikatu dutela dio Jose Luis Longaronek.

Urtero izaten du ikasle berriren bat, hala ere. «Berriren bat etortzen denean lehen momentu hori eramangarri egiten saiatzen naiz. Asko ezer ez dakitela etortzen dira, behin ere margotu ez dutela, eta beraz, denen artean laguntzen saiatzen gara, erlaxatzeko, eta lasaitasunez margotzen joateko. Gustura egotea eta gauza politak egitea da kontua», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!