Lauburu KE Ibarrak entrenatzaile profesionala izango du

Asier Imaz 2015eko ekainaren 18a

Mikel Diestrok hartuko du lehen taldearen ardura. Barakaldoko entrenatzailea Xota taldetik dator Ibarrara, Aitor Arevaloren ordez.  Lauburuko zuzendaritzan Kike Mocoroa izango da fitxaketa, eta kudeaketa arloan ariko da lanean.

Apustu handia egin du Lauburu Ibarra areto futbol taldeak. Entrenatzaile profesionala izango du denboraldi berrian: Mikel Diestro. Bere lanpostua beraz, Lauburu entrenatzea izango da, eta barakaldoarra Ibarran jarriko da bizitzen. Azken denboraldietan Xota talde nafarrean aritu da lanean, jubenilen ardura, lehen taldeko scouting lanekin tartekatu du.

Diestrok 28 urte ditu, eta areto futboleko hirugarren mailako titulazioa dauka. Lauburutik azaldu dutenez, etorkizun oparoa duen entrenatzailea da. 2002an hasi zen lan horretan, harrobiko jokalariekin. 2013an Espaniako Selekzioarekin hasi zen lanean, emakumeen taldearekin kolaboratuz, bideo ikuskatzaile moduan.

"Lauburuk jauzi sendoa eman du bere proiektuan, arlo teknikoa profesionalizatuz. Mikel erabat Lauburura zentraturik egongo da, eta kirol estrukturari jauzi kualitatibo bat emango dio" adierazi dute Ibarrako taldetik. Egungo lantaldea, beraz, zabaldu egingo da. Kirol zuzendaria Juanan Rodriguez da, Cesar Roca koordinatzailearen laguntzarekin. Roca, prestatzaile fisikoa ere bada. Txubelek jubenilen entrenatzaile izaten jarraituko du, eta Aitor Andresek lehen taldeko prestatzaile fisiko eta fisioterapeuta bezala. 

Lauburu ibarran jokatzeko deialdiak
- Infantilentzat probak, ekainaren 22an eta 29an, Belabietan, 17:30etik 19:00etara.

- Jubenilentzat probak, ekainaren 23an eta 30ean, Belabietan, 19:00etatik 20:30era. 

Azkenik, Uda Kirolan izena emateko aukerak zabalik jarraitzen du. Informazio gehiagorako, Ibarrako Kultur Etxera joan behar da, edo Belabietara, 18:!5etik 20:15era.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!