Hauteskundeak 2015. Emaitzak

Gutxigatik irabazi du EH Bilduk Ibarran

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 24a, 21:17

Mikel Agirrezabala izango da Ibarrako alkatea datozen lau urteotan: EH Bilduk 941 boto eskuratu ditu, eta EAJk, berriz, 882. PSE-EErentzat izan dira 153 boto. PPk 42 lortu ditu. Txuriak, berriz, 82 izan dira.

EH Bildu koalizioak lortu ditu boto gehien Ibarran. Botoa emateko eskubidea duten 3.269 ibartarretatik 941k egin dute EH Bilduren aldeko hautua. Bigarren indarra EAJ izan da 882 botorekin. 2011n bezala, hortaz, EH Bilduk jaso du herritarren babes gehien, sei hautetsi lortuz. EAJk bost zinegotzi izango ditu.

Boto kopuruari erreparatua Bilduk behera egin du hala ere, azken udal hauteskundeetan 1.331 eskuratu baitzituen. EAJk duela lau urteko emaitza nabarmen hobetu du 2011n 452 lortu zituen eta. Duela lau urte PSE-EEk 176 atera zituen eta PPk 71 boto.

Mikel Agirrezabala, alkate
Datuak ikusita Mikel Agirrezabala izango da alkatea datorren legealdian. Gazteak esan du lehia uste baino estuago egon dela, baina azkenean balantza EH Bilduren alde egin duela. «Pozik gaude eta zama bat kenduta, egia esan», esan du. «EAJk nabarmen egin du gora, eta guk ere nabarmen egin dugu behera, argi dago», gaineratu du. Aldaketa hauen berri galdetzerakoan Agirrezabalak Gipuzkoa mailan eman den joera bat izan dela esan du: «Arrazoi bat izan daiteke duela lau urte 8 urteko ilegalizazio batetik gentozela eta ilusio berezia sortu zela. Gauzak beste modu batera kudeatzeko gogoa ere bazuen jendeak. Azken lau urte hauetan egoera bestelakoa izan da eta eraso mediatiko askori egin behar izan diegu aurre». Entzun Agirrezabalak esandakoak:

EAJko alkategaia, Itziar Jauregi, bere aldetik «oso-oso pozik» agertu da. «Espero genuena baino babes gehiago lortu dugu, emaitza hobetzea lortu dugu eta oso pozik gaude. Ez genuen espero. Herriaren alde lanean jarraituko dugu», esan du Jauregik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!