Lordi Saralegi: "Saioa zuzentzea nire hasierako garaietara itzultzea izan da"

Maier Ugartemendia 2015ko mai. 23a, 09:00

Ikasturte honetan arrakasta handia izan duen 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioko azken grabaketak egiten dabiltza eta Lordi Saralegi saioko zuzendaria da.

Kazetaritza ikasi ondoren, bere lehen pausoak Galtzaundi aldizkarian egin zituen Lordi Saralegik (Ibarra, 1974). Hala ere, laster telebistaren munduan barneratu zen, eta herriz herri ibili zen Bertatik Bertara izeneko ETB 1eko saioan. Orain ere Euskal Herriko herri txiki ugari bisitatzen ari da, baina kameraren atzealdean jarrita. Izan ere, ikasturte honetan arrakasta handia izan duen Herri Txiki, Infernu Handi saioko zuzendari lanetan aritu da. Zirkulu bat «ixtea» bezalakoa izan da berarentzat.

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioko zuzendari lanetan zabiltza. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Oso ona, oso aberasgarria. Horrelako erronka batean hasteak beti ematen dizu nolabaiteko ardura, baina aldi berean, ilusio handiarekin ekin genion proiektuari. Oso polita zen, ETB 1ean sekula ez zen horrelako programarik egin. Saio honek aukera ematen zigun jendea elkarrizketatzeko, baina aldi berean baita jende horri irribarre bat ateratzeko ere. Hori horrela izanda, pentsatzen genuen etxeko publikoari ere atera ahal izango geniola irribarre hori. Gainera, oso saio atsegina izan da eta oso ondo pasa dut; Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi ondoan izanda. Lan asko egin behar da eta lan nekeza da herri asko bisitatu behar ditugulako. Baina oso ondo pasatzen duzu, beti dago txisteren bat edo bitxikeriaren bat. Hortaz, lan egiteaz gain momentu dibertigarriak ere pasatzen dira.

Nondik sortu zen programa hau abiatzeko ideia?

Katalunian bazen antzeko programa bat eta pentsatu genuen Euskal Herrira ere ekar zitekeela. Han antzeko zerbait egiten dute; herri txikiak bisitatu eta pertsona anonimoak elkarrizketatu, eta esan nuen: «Seguru Euskal Herrian ere badirela jokoa eman dezaketen herri txikiak, eta aldi berean ezagutzen ez ditugun eta zer kontatua duten herritar anonimoak». ETBri aurkeztu genion, eta onartu egin zuen.

Formatua ere erabat berria izan da.

ETBn ez da sekula horrelakorik ikusi. Normalena da leku batera eta pertsona batengana joan, elkarrizketa egin eta kitto; hor bukatzen da kontua. Ez dago pertsonaia horrengana itzulerarik. Programa honek, ordea, aukera hori ematen digu. Behin elkarrizketa egin ondoren, berarengana bueltatzea, eta gainera, berari erakustea zein elkarrizketa egin diogun eta elkarrizketa horretatik umoreari helduta, gu berarengana bueltatzea. Orain arteko elkarrizketetan, egin ondoren elkarrizketatuak etxean ikusten zuen eta ez genuen ikusten zer nolako erreakzioa zuen. Hemen momentuan, bideoa ikusi eta monologoa egin ondoren pertsonaia horrek nola erreakzionatzen duen ikusten dugu. Oso polita da eta horrek ematen dio berezitasuna programa honi. Behingoz ikusten da elkarrizketatuak nola erreakzionatzen duen eta programa handi egitearen arrazoietako bat hori da, elkarrizketatuaren erreakzioak ikustea.

Herri txiki asko bisitatu dituzue azken aldian, infernu handiak al dira?

Guk herri txiki horietan bi egun ematen ditugu. Orduan, ez digu aukerarik ematen ea infernuak diren, zeruak diren ala purgatorioak diren ikusteko. Batzuetan somatzen da herri alaiagoak direla, edo itxiagoak, edo uzkurragoak… Herri oso desberdinetatik pasa gara, eta seguru leku guztietan infernu handi, txiki eta ertainak daudela. Baina, programaren helburua ez da infernu horiek erakustea, pertsonaien bizipenak biltzea eta herriak ezagutzea da, herritarren bitartez.

Zer bereizgarri dituzte Euskal Herriko herri txikiek?

Adibidez, gauza bitxia gertatu zaigu. Nafarroako herriak irekiagoak direla edo umore aldetik beste bizipoz bat daukatela iruditu zaigu; irudipen hutsa izan daiteke. Baina, Nafarrokoekin hori gertatu zaigu. Hobeen funtzionatu dutenak izan dira eta ikusleek ere hori esan digute. Bestalde, esan daiteke jendea oso irekia dela. Euskaldunok kanpotarrak ateak zabalik hartzen ditugula esaten da; guk inpresio hori izan dugu. Kanpotik joan arren, jendeak ez du inolako oztoporik jarri eta lehenengo momentutik prest agertu dira ateak irekitzeko. Ez dugu errezelorik sumatu.

Ondo hartu zaituzte, beraz, herritarrek.

Esperientzia ezberdinak bizi izan ditugu. Lehenengo hamar programak emititu gabe grabatu genituen eta joaten ginenean jendeak ez zekien zertaz zihoan programa, eta nik uste batzuek kezka txiki bat bazutela. Esaten zuten: «Hauek badatoz herrira, herriari buruz hitz egitera eta zer erakutsiko ote dute». Batzuek bazuten errezelo txiki hori, zerbait komikoa edo errespeturik gabekoa egingo ote genuen edo. Bigarren bueltan, berriz, jendeak programa ikusita zeukanean jada desberdina izan zen. Jendeak bazekien programa zertaz zihoan, jendea errespetuarekin tratatzen genuela, eta hor jada ikusleak zertara goazen jakinda lana erraztu egin zuen. Beste aldea da, herritar horiek jada ez daudela hain birjinak, eta agian jada badakite zer pasako zaien. Hori da nabaritu dugun aldea.

Bitxikeria mordoa bizitzea tokatuko zitzaizuen, ezta?

Bai! Herrietara grabatzera joan aurretik, erredaktoreak joaten ziren beti herria eta herritarrak ezagutzera. Otxandion nik neuk joateko aukera izan nuen, eta jubilatuen etxean han zegoen eserita emakume bat egunkaria irakurtzen. Berarengana joan nintzen istorioren bat edo kontatzeko izango zuelakoan, eta hasi zitzaidan kontatzen berak bederatzi urte zituenean, Otxandion, Gerra Zibilaren hasieran, bonbardaketa bat izan zela. Bera kalean zebilen bere amarekin eskutik helduta bonbardaketaren unean. Hirurogei pertsona hil ziren, tartean bere ama eta bere anaia. Bere ondoan zegoen ama ikusi zuen hiltzen, eta baita handik ehun metrotara zegoen bere anaia ere. Harrigarria egiten da horrelako istorioak nola ahazten diren ikustea. Emakume hori programan atera zen eta oso polita izan zen. Umorezko programa bat egiten saiatu izan gara, baina herri bateko historia guztiek agian ez dute umore heldulekurik edo agian merezi dute aipatzea nahiz eta kontu umoretsuak ez izan.

Arrakasta handiko programa izan da, zergatik gustatu zaio hainbeste publikoari?

Nik uste dut ETBn beti egin izan dela umorea, eta oso umore ona egin da, gainera. Baina, kasu honetan etxeko jendeak elkarrizketatua berea egiten du, identifikatu egiten du, bere historia ezagutzen du eta bere larruan jartzen da. Gero elkarrizketatu hori bere bideoa ikusten, irribarre bat, malko bat edo keinu berezi bat ateraz ikusteak, nik uste produktua erakargarri egiten duela. Gurrutxagak eta Pagadik txiste bat, bakarrizketa edo ateraldiren bat izaten dute, eta elkarrizketatuaren aurpegia ikustea, eta aldi berean elkarrizketatu guztiak elkarrekin, herri guztia antzokian bilduta beraiei buruzko programa bat ikusten egoteak egiten du erakargarria. Bestalde pertsonaiak berak ere oso erakargarriak dira eta baita kontatzen dituzten istorioak ere. Hainbat osagai daude, baina nik uste dut nagusia hori dela, elkarrizketatuen erreakzioak ikustea eta gero Gurrutxagak eta Pagadik bere bideoei txispa ateratzeko duten gaitasuna.

Eskualdean Berastegi eta Amezketa bisitatu dituzue. Ba al duzue eskualdeko beste herriren bat bisitatzeko asmorik?

Aurten jada ez, zeren aurtengo grabaketak jada bukatu ditugu. Hurrengo urtean programak jarraitzen badu, pentsatzen dut gehiago bisitatuko ditugula. Saiatu gara euskal hiztunak dituzten Euskal Herriko eskualde guztiak bisitatzen. Nik uste dut gehienetan egon garela, Tolosaldearen kasuan bitan, Berastegin eta Amezketan. Eta oso ondo joan zaigu, oso esperientzia polita izan da. Herri guztietan bezala jendea oso jatorra eta abegikorra izan da, eta oso programa politak atera dira.

Egun zuzendari lanetan bisitatzen dituzu herriak, baina herriz herri kazetari lanetan ibilitakoa zara.

Duela hemezortzi urte erreportari bezala telebistan Bertatik Bertaran hasi nintzen, eta hortaz, zentzu horretan lan hau niretzat ez da berria. Berria da agian gero bakarrizketa bat antolatu behar delako eta horrek gidoia lantzea eskatzen duelako. Baina, nire unibertsitatea Bertatik Bertara izan zen, eta asko lagundu dit bertako ibilbide horrek, jendearengana iristerakoan. Zentzu horretan Bertatik Bertarak programa honen antza handia duela uste dut. Ordukoa ere nahiko herrikoia zen, herri txikietara joaten ginen, bitxikeriak eta berezitasunak biltzen genituen… Nik uste dut Herri Txikik asko duela Bertatik Bertaratik.

Gerora ere beste hainbat kontutan ibili zara…

Bertatik Bertararen ondoren, Vaya Semanita programan bi urte eman nituen. Irratian, Faktoria saioan urtebete egin nuen. 2006an, berriz, zuzendari bezala hasi nintzen lanean. ETBn Bi errepidean saioa zuzentzea eskaini zidaten, Andoni Aizpuru eta Urko Aristi aurkezle zirela. Eta gero Orio Produkzioak etxearekin Udazken Loreak, Errazu, Ni hao Txina, Euskal Kantuen Gaua… saio mordoa zuzentzen aritu naiz. Mihiluze saioan ere zuzendariorde bezala eta erredaktore bezala aritu nintzen. Iaz Aireanen ere zuzendariorde aritu nintzen, eta gero Herri Txikin hasi nintzen. Zortea izan dut, gustuko lana izan dut eta asko ikasi dut. Ibilbide horren ondoren, Herri Txiki, Infernu Handi saioa opari modukoa izan da. Nire hasierako garaietara itzultzea bezala izan da. Kaleko erreportaje kazetaritza generoa pixka bat atzean utzita neukan, eta hau zuzendari bezala bada ere berriro itzultzea izan da.

Zer nolakoa izan zen kazetari lanetatik zuzendari lanetara egindako aldaketa?

Alde batetik, motxila bat kendu eta beste bat jartzea izan zen. Kamera aurrean jartzearen motxila, karga, ardura eta nerbioen zama hori kendu nuen. Baina, aldi berean, gainean jarri nuen saio bat aurrera eramatearen ardura. Nik erronka bat bezala hartu nuen zuzendari izatearena, eta aurrera! Nik uste dut horrelako aukerak ezin direla pasatzen utzi, eta eskaintzen badizute aurrera egin behar da. Gaizki ateratzen bada, badakizu hurrengo baterako, zer egin behar duzun eta zer ez duzun egin behar edo zertan zuzendu behar duzun. Herri Txiki niretzako opari bat izan da. Hemezortzi urte atzera egitea bezala izan da.

Arlo ezberdinak ukitu dituzu bai kazetari bezala, eta baita zuzendari bezala. Zein arlorekin geratzen zara?

Hori ama edo aita bati zein seme-alaba maite duen gehien galdetzea bezalakoa da. Denek dituzte alde onak eta alde txarrak, denekin gozatzen duzu eta batzuetan sufritzea ere tokaten zaizu. Denetatik ikasten duzu eta denek zure ibilbide profesionala osatzen dute, beraz, ez nuke bat bera ere kenduko. Baina, aipatzeagatik lehenengoa eta azkenekoa aukeratuko nituzke; Bertatik Bertara eta Herri Txiki, Infernu Handi. Lehenengoa kazetaritzarako eskarmentua eman zidalako, hastapena erakutsi zidalako. Eta azkenekoa borobiltzea bezala izan delako; hasiera hartara bueltatzea, baina jada beste ikuspegi batetik. Zirkulu bat ixtea bezala izan da. Duela hemezortzi urte hasi nintzenean ez nuen pentsatuko horrelako arrakasta izan duen programa bat zuzentzen bukatuko nuenik. Bere ñabardurekin bada ere, genero antzekoa da.

Kalean lanean aritzea gustatzen zaizu, hortaz.

Bai, polita da. Erredakziokoa beti ere aspergarriagoa da. Kalean jendea ezagutzen duzu, jendearen gorabeherak, bizipenak… Hortik ere asko ikas daiteke. Pertsonaia ezberdinak ezagutu ditugu, eta denek badute zertan erreparatua. Herri bakoitzera joan garenero lezio txiki bat jaso dugu. Pertsonaia guztiek irakaspen bat eman digute, nahiz eta txikia izan edo oharkabean pasa daitekeen zerbait izan, nik uste denengandik dugula zer ikasia.

Aurrera begira zer proiektu dituzu?

Ez dakit. Ez dakit hurrengo ikasturtean programa hau egongo den eta ez dakit zer tokatuko den. Orain behintzat hau bukatu eta gero ikusiko dugu zer ateratzen den. Hogeita bi aste jarraian pasa ditugu astelehenetan herri ezberdinetara joaten. Hurrengoa izango da inora ez goazen lehenengoa eta pentsatzen dut sentsazioa arraroa izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!