Herriko gazteei heldutasunera iristeko tresnak eman nahian

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 19a, 16:12
Ezkerretik eskuinera Tomas Ugaldebere, Nekane Azurmendi, eta Itsaso eta Eneko hezitzaileak, herritarrei argibideak ematen.

Gaztematikaren bidez 0-30 urte artekoen beharrak ase nahi dituzte Ibarran 

Ibarrako Udalak herriko haur, nerabe eta gazteen, hau da, 0 eta 30 urte artekoen, beharrak aztertuko ditu datozen hilabeteetan, zerbitzu bateratu bat eskaini asmoz. Euren bizi-ibilbidean sortzen zaizkien beharrak ase nahi dituzte eta horretarako ezinbestekotzat jo dute euren iritzi, nahi eta iradokizunak biltzea, hau da, lehenik eta behin diagnosi bat egitea.

Hau guztia egiteko Gaztematika sistema erabiliko dute; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat udaletako gazteria-arloek sustatutako sistema publikoa. Ibarran, esan bezala, lehen pausoa ematen ari dira; Kalexka enpresa kontratatu dute eta honek bi hezitzaile jarri ditu lanean, Itsaso eta Eneko. Diagnosia egingo dute uztailera bitarte herriko elkarteekin eta gizabanakoekin elkarrizketak eta eztabaida saioak eginez. Posta elektroniko bat ere eman dute, hezibarra@gmail.com, informazioa, galderak edo dena-delakoak jaso ahal izateko.

Honen guztiaren eta datozen hilabeteetan emango dituzten pausoen berri emateko, eta baita Gaztematika zer den adierazteko ere, bilera irekia egin zuten atzo iluntzean kultur etxean.

Lehenik eta behin, Nekane Azurmendi Kultura eta Gazteria teknikariak hartu zuen hitza. Gaztematika sistema eta zerbitzu berriaren abiaraztea prozesu baten emaitza dela esan zuen: «Duela bost bat urte hasi ziren hau lantzen Gipuzkoa mailan. Udalerri, udaletxe eta Foru Aldundiaren arteko lan bateratua da». Era berean, Ibarran azken urte eta erdian ere  gaia lantzen aritu direla gogoratu zuen teknikariak.
Horiek horrela, diagnosia uztaila bitartean egingo dute bi hezitzaileek eta asmoa irailean jasotako horrekin zerbitzuari forma ematen hastea da. «Oraindik ez dakigu nolako zerbitzua izango den, nola banatuko den, gauza praktikoak nola egingo ditugun... hori da hain justu, datozen hilabeteetan definituko duguna guztion artean», esan zuen Azurmendik. «Argi dagoena da ezin daitekeela zerbait isolatua izan, gazteei ahalduntzeko tresnak eman nahi dizkiegu, heldutasunera iristeko tresnak. Ez da haur eta gazteak uzteko leku edo jarduera soil bat izango, aisialdi tradizionaletik harago doan sistema definitu nahi dugu», gaineratu zuen.

Zer da Gaztematika?
Gaztematika zer den ere azaldu zuten bileran eta horren ardura Tomas Ugaldebere udaleko Euskara eta Hezkuntza teknikariak izan zuen. «Haur, nerabe eta gazteei, 0 eta 30 urte artekoei, eragiten die, eta helburua hauei aukera egonkorra eta etengabea ematea da, beren haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan egoki garatzeko eta gozatzeko; hori guztia jarrera eta jokabide proaktibo eta, jakina, hurbileko batetik».

Ugaldeberek gaineratu zuen denen artean diseinatu eta garatu beharreko sistema dela Gaztematika, eta nahia gazteei eman nahi dituzten pausoak aukeratzen laguntzea dela.
Gaztematikaren ikuspegia oso zabala dela ere azaldu zuen, «izan ere, korronte berrien eta pentsalari ezagunen abangoardian dago». Nolanahi ere Gaztematika sistemaren berrikuntza nagusia haur, nerabe eta gazteen bizi-aro bakoitzari bi dimentsio ematea dela esan zuen; heldutasunera iristeko etapa garrantzitsu gisa eta berezko balioa duen bizipenerako etapa gisa.

 

Diagnosia

Hezitzaileak. Bi hezitzaileek diagnosia egingo dute uztailera bitarte. Jada kultur etxean dute bulegoa. Herritarrek ekarpenak egin nahi badituzte bertan aurkituko dituztela esan dute. Astearte, asteazken, ostegun eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara daude bertan, eta ostegunetan eta ostiraletan 16:00etatik 19:00etara ere egoten dira. hezibarra@gmail.com helbidera ere idatzi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!