Ibarra bigarren gelditu da Perurenako giza proba lehian

Asier Imaz 2015eko maiatzaren 18a

Plaza bakarreko aldeak erabaki zuen igandean Perurenako Emakumeen I. Giza Proba Txapelketa. Ibartarrek 41 egin zituzten, eta ondoren etorri ziren Emarrikoek, 42. 

Zeanikoek hirugarren postuan heldu zioten 550 kiloko harriari, eta postu horretan bukatu zuten, 36 plazarekin. Txapela, beraz, Astigarragan geratu zen.

Ainhoa Otaño ibartarra gustura agertu zen egindako lanarekin: «Zozketa egin eta tiratzen lehenak izan gara. Horrek bere alde on eta txarrak ditu. Gure lana egitera joan gara, eta ondo egin dugu. Estu heldu eta sufritzea tokatu zaigu; ez dugu irabazi, baina gustura».

Bigarren egin arren, 15 minututan 41 plaza egitea ez da nolanahiko marka. Horri Emarriren saioa eta sasoia gehitu behar zaio. «Bagenekien zaila izango zela eurei aurrea hartzea, horregatik hasieratik indartsu hasi gara. Erdi parean, burdina askatu eta segundo batzuk galdu ditugu, baina esan bezala, egindakoarekin oso gustura», esan zuen Ainhoa Otañok.

Bi taldeen arteko lehia estuak gozamena eraman zuen ikusleengana, eta hori tiratzaileek ere nabaritu zuten: «Emozionantea izan da guztiontzat. Antzeko denboran ibili gara bi taldeak, azken minutura arte ez zegoen argi irabazlea nor izango zen».

Orain «pare bat» asteko atsedena datorrela dio ibartarrak. Ondoren, hitz egin eta entrenamenduetan jarraitzeko asmoz agertu da Otaño; udako erakustaldi eta tartean sortu daitezkeen txapelketei begira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!