Ibarrako piparraren zikloa hasi da

Mikel Iraola 2015ko mai. 15a, 13:55

Ibarra 789 taldeak eta Uzturpe Ikastolak, Ibarrako Udalarekin batera, martxan jarri dute “Ibarrako Piparraren zikloa” izeneko programa. Produktu honen fase ezberdinak ezagutzea du helburu.

Programa honen bidez, Uzturpe Ikastolako DBH3ko ikasleek Ibarrako Piparraren zikloak gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Lehen fasea, pipar landarearen landaketa, gaur ezagutu dute horretan jarduten dutenen eskutik. San Isidro, nekazarien eguna hautatu dute horretarako.

Euriaren ondorioz, ordea, ikasleek ezin izan dute piparra baratzeetan landatu, eta horren ordez, loreontzi txikietan egin behar izan dute, gero norberak etxera eraman eta bertan piparra hazteko. "Uda ostean lista pasako dugu, ea ondo atera zaizuen ikusteko" esan diete Ibarra 789 taldeko kideek txantxetan.

Baina piparra hazteko prozesua bakarrik ez: hau sukaldaritzan nora erabili ere ikasi dute. Horretarako Luis Urizar sukaldaritza eskolako irakaslea izan dute.

Lehenik eta behin gildak egiten irakatsi diete, eta irakatsitako hori praktikara eraman dute gero. Ondoren, Showcooking bat egin dute eta Ibarrako Piparra ardatz hartuta, hiru pintxo egin dituzte. Lehena, pintxo hotza, olio eta piparrarekin egindako pasta eta hegaluzearekin egindakoa. Bigarrena, sasoikoa, zainzuriekin egina. Hirugarrena, berriz, frijitutako antxoekin egindakoa. Guztiak dastatuz eman diote amaiera gaurko saioari.

"Ibarrako Piparra leku askotan ezagutzen da. Gero eta toki gehiagotan. Etorkizunean ere bide honetatik jarraitzea zuen esku dago" esan die Urizarrek ikasleei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!