Ibarrako giza proba taldea, Perurenan

Asier Imaz 2015eko maiatzaren 15a

Emakumeen I. Giza Proba Txapelketa jokatuko da Astigarragan, igandean, 18:00etan hasita

Ibarra, Emarri eta Zeani taldeek indarrak neurtuko dituzte igandean, Astigarragako Perurena auzoan. Bertan, Emakumeen I. Giza Proba Txapelketa jokatuko da. Auzolango probalekuan izango da lehia, 19:00etatik aurrera.

550 kiloko harriarekin 15 minutuko lana egingo dute probalariek. Taldeak harriaren pisua gaindituko balu, kilo bakoitzeko 2 kiloko gainkarga eraman beharko lukete. Plaza gehien egiten dituenak eramango du txapela.

Ibarrako taldea, Garikoitz Etxeberriaren aginduetara aritu da lanean, eta ondorengoek osatzen dute: Myriam Elorzak (Tolosa), Ainhoa Otañok (Ibarra), Ainara Otamendik (Ibarra), Leire Zumetak (Anoeta), Estitxu Almandozek (Lesaka), Ane Ezeizak (Aia), Aitziber Lizarraldek (Aia) eta Tayde Gomez de Segurak (Zarautz).

Emakumeen Giza Proba ez da unerik gozoena pasatzen ari. Azken urteetan ezin izan da txapelketarik antolatu, ez Gipuzkoako eta ezta Euskal Herrikoa ere. Ainhoa Otaño ibartarrak horren zergatia azaltzen du: «Gutxienez hiru talde egon behar dute lehiarako prest, eta hori ez da lortu. Perurenakoa txapelketa puntual bat da, eta horretarako bai, baina bestela ez da posible izan». Neguan sokatiran ibiltzen dira Ibarrakoak. Martxoan hasten dira harriarekin, eta txapelketarik ezean, entrenatzea gehiago kostatzen dela dio: «Ez da motibazio bera. Udako erakustaldiak eskertzen dira, baina txapelketa bat desberdina da, ilusio gehiago izaten duzu, finean, izenak dion bezala, txapelaren lehian ari baitzara borrokan».

Astigarragara 550eko pisuaren gainetik joango da Ibarrako zortzikoa. Gainkarga gutxitzeko, ordea, 25-30 kilo horiek 16ra jaitsi dituztela dio Otañok, eta iganderako, 550etik gertuago izatea espero du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!