Ibarra eta Akitaniako Langon herria, gertuago

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 17a, 09:00

Uzturpeko eta Bordeleko eskola bateko ikasleek elkartrukea egin dute

Akitaniako Bordeleren ondoan dagoen Langon herria ezagutzeko aukera izan dute Ibarrako Uzturpe ikastolako DBH bigarren eta hirugarren mailako ikasleek. Bigarren urtez egin dute elkartrukea Uzturpe ikastolako eta Bordeleko eskola bateko ikasleek; iaz Uzturpeko DBHko lehen eta bigarren mailakoak joan ziren Langonera, eta aurten, bigarren eta hirugarren mailakoak. Ibartarrak martxoko azken astean izan ziren bertan, eta hango ikasleak aste hau eman dute hemen. 13 eta 15 urte arteko 22 ikasle daude Ibarran.

Elkartrukea Maider Salaberria irakaslearen proposamenez jaio zen. «Ingeleseko irakaslea naiz eta frantsesa ere ematen dut, baina Ingalaterrarekin elkartrukea egitea oso zaila da. Iaz Ikastolen Elkartetik email bat jaso nuen Bordelen elkartrukea egiteko eskola bila ari zirela esanaz, eta ez nuen gehiegi pentsatu, udara zen, eta erantzun egin nien. Erantzuna jaso eta irailean bertan jarri nintzen hango irakasle batekin harremanetan».

Elkartrukearen helburua ez da  Uzturpeko ikasleek frantsesa eta Bordelekoek gaztelania praktikatzea bakarrik, eguneroko bizitza ikusteko ere oso garrantzitsua dela dio Salaberriak; «zein ordutan jaikitzen diren, nola gosaltzen duten, zein ohitura dituzten... ikusi ahal dute, egonaldiak ikasleen familietan egiten baitituzte. Frantzian etxeetan denbora gehiago ematen dutela ikusten dute, esaterako. Gure ikasleek bestela ezagutuko ez lituzketen lekuak ezagutzeko aukera ere izan dute. Eta beraien adin inguruko beste neska-mutil batzuk ezagutzea ere hizkuntza ikasteko motibatzen die».

Uzturpeko irakasleak Axun Bengoetxea irakaslearen laguntza izaten ari da elkartrukea bideratzeko, biak joan izan dira hara, eta handik ere bi irakasle etorri dira: Elisabeth Leconte eta Deborah Daguinos. Leconteren ustez ere esperientzia erabat positiboa da: «Hizkuntzaren praktikotasuna ikusteko oso baliagarria da, eskoletan zerbait abstraktua bezala ikusten dute gaztelania, ez diela ezer zehatzetarako
balio uste dute, baina hemen egunerokotasunean erabiltzen dute».

Ikasle gehienek esperientzia errepikatu dute aurten, eta aurre begira ere errepikatu nahi dutela diote. Urte honetan gazteek harremana mantendu dute email eta telefono bidez eta aurten Ibarrako festetara joateko asmoa ere agertu dute. «Gogoa geneukan iaz ezagututako lagunak berriz ere ikusteko, oso gustura gaude hemen», esan du Astrid Couthures ikasleak.

Bizimodu desberdinak
Bizimoduak erabat desberdinak direla gaineratu du Pauline Rodriguez ikasleak: «Askatasunak harritzen gaitu. Ez du Langonekin zerikusirik; denak plazan biltzen dira, txikienetatik hasi eta helduak arte, berandu arte kalean daude...». Lou Mothes ikasleari Euskal Herrian asko ibiltzen direla eman dio atentzioa. «Asko ibiltzen zarete, gu eskolatik atera eta autobusera sartzen gara, autoan ibiltzen gara asko...», esan du. Bordeleko ikasleek aste honetan irteerak egin dituzte goizero eta gaur bertan mendian txango bat egingo dute lehenengo eta gero, agur moduan, ikastolako patioan sokatiran eta pilotan ariko dira. «Zenbait eskoletan egon dira, baina zailagoa izan dugu, guk eskola gehientsuenak euskaraz ematen ditugulako, horregatik egin ditugu irteerak. Gure ikasleak ordea, Langonen, eskoletara joaten dira, edozein ikasgaitan egoten dira eskoletan».

Elkartruke hau da Uzturpek egiten duen lehena, eta ikasleak oso motibatuta daudela diote irakasleek, «Frantsesa ematen ez dutenak ere elkartrukea egin nahi dutela diote».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!