Euskaltegiko ikasleentzat harpidetza urtebetez doan

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 16a, 11:24

'TOLOSALDEKO ATARIA'ren harpidetza doan dute 15 herritarrek Ibarrako Udalaren eskutik.

Euskara sustatzeko, tokiko hedabideak bultzatzeko eta euskara ikasten ari direnak saritzeko, Ibarrako Udalak TOLOSALDEKO ATARIA-ren urtebeteko harpidetza eman die Aitzol euskaltegian ikasten ari diren 15 herritarrei. Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateak azaldu duenez, «udaletik bi arrazoirengatik hartu genuen ATARIA-ko harpidetzak ordaintzeko erabakia: batetik, ATARIA bezalako proiektua bultzatu behar delako, ezinbestekoa delako tokian tokiko euskarazko komunikabideak bultzatzea, eta horretarako harpidetzak ezinbestekoak direlako, eta bestetik, euskara ikasten dutenentzat erreminta egokia izan daitekeelako».

Peñagarikanok azaldu duenez, «ikasleek askotan arazoak izaten dituzte euskaraz irakurtzeko garaian, eta gertuko gaiak direlako eta beste hizkera bat erabiltzen duelako, euskalkira jotzen duena, errazagoa egin ahal zaie ATARIA irakurtzea. Guretzako oso pozgarria da hitzarmen hau sinatzea eta TOLOSALDEKO ATARIA zein euskara ikasten ari direnak laguntzea».

Bere aldetik, Jexux Murua TOLOSALDEKO ATARIA-ko kudeatzaileak dioenez, «ez dakit inoiz behar beste eskertu eta baloratuko den euskara ikasteko euskaldun askok egin duten eta egiten duten ahalegina». Ildo horretatik, «Ibarrako Udalak eta Atariakideok erabaki dugu ahalegin hori saritzea, sari xumea bada ere», gaineratu du Muruak.

ATARIA-ko kudeatzaileak azaldu duenez, «tokiko komunikabideen helburu handienetakoa euskara gizarteratu eta erabilera bultzatzea da. Helburu honekin bete-betean egiten du bat egitasmo honek». Aurrera begira, «egitasmoa inguruko herrietara zabaltzea gustatuko litzaiguke», esan du Muruak.

Amando Hernandez Aitzol euskaltegiko zuzendariak dioenez, «ondo iruditzen zaigu egitasmoa. Pentsatzen dut tarteko pauso bat dela. Jendea animatu ez bada aurretik, udalak jarri die bidea produktua ezagutzeko eta laguntza bukatzen denean eta bere kaxa hasi behar dutenean, ea horrek arrastoa uzten duen».

TOLOSALDEKO ATARIA erabiltzen dute geletan, artikuluak fotokopiatuz edo non dauden esanez. «Hor muga euskara maila izaten da. Ikasle batzuentzat gehiegizkoa da oraindik; beste batzuek ez dute inongo arazorik. Askotan gertatu izan da, zerbait aipatu eta ikasleren batek ATARIA-n irakurri duela esatea. Komunikabidea ezagutzen eta irakurtzen duten seinale».

Gixane Urrestarazu eta Lierni Elizaran dira harpidetza doan duten ikasleetako bi. Ondo iruditzen zaie aukera hori izatea. Elizaranek dioenez, «denek ezin dute ordaindu dena, eta diru laguntzak ondo etortzen dira». Ideia oso ona dela gaineratu du Urrestarazuk: «Zure hizkuntza plazaratzeko leku bat da, irakurri ahal duzuna gainera, eta ez dituzu zure herriko berriak bakarrik jasotzen, baita ingurukoenak ere. Gainera, egitasmo honek ere motibatuko du jendea, diru laguntza bukatzen denean, ATARIA izateko etxean eta harpidedun izaten jarraitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!