Ekainean bukatuko dute Ibarrako San Bartolome plazako estalpea

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 14a, 15:52
Atzo hasi zituzten lanak.

Udaletxe ondoan hasi dira jada, lanean; astelehenean hasi ziren zorua prestatzen

Aurreikuspenen arabera ekainaren lehen asterako prest egongo da Ibarrako San Bartolome plazako estalpea. Atarian publikatu bezala, Kataluniako hiru arkitekto gaztek diseinatutako Nudisque proiektuak jaso zituen herritarren boto gehien, eta proiektua ia bere horretan mantenduta egingo dute azkenik, plazako estalpea.

Itziar Agirrezabala Etxarri Ibarrako udal arkitektoak azaldu duenez,  aldaketa gutxi batzuk besterik ez dituzte egin jasotako proposamenean. «Egingo den proiektua proportzio berean mantenduko bada ere, plazan dauden azpiegituren eraginez zutabe horiek birkolokatu behar izan ditugu. Estalpea inoiz toldoekin edo dena delakoarekin ixten bada plaza ez da horren itxita geratuko. Bestetik, hemen inguruan egurrarekin lan egiten duten hiru enpresarekin jarri ginen harremanetan eta beraiekin batera erabaki genuen estalpea nolakoa izango den azkenean. Guneak egurrezko estalkia izango du, hiru habe handi izango ditu eta polikarbonatozko itxiera, argia pasatzen uzteko». Egurrarekin lan egiten duten enpresak Lanik, Egoin, eta Otegi-Gaztañaga eta Zurtekek osatzen dutena izan dira.

Estalpearen goialdea 25x16 metrokoa izango da eta itxiko den eremuak 25x12 metro izango ditu. Egiturak garaiera gehien duen lekuan 7 metro izango ditu eta isuri bakarrekoa izango da.
Ekainerako, Gazte Festetarako, prest egongo den estalpeak, hortaz, egurrezko egitura izango du, zutabe metalikoak eta Arane aldera horma bat izango du. Argindarra ere izango du.

Oraingoz hori izango da egingo dutena, baina etorkizunean eremua osatzen joango dira. «Toldo batzuekin osatu eta itxi ahal izatea nahi dugu, baina hori beste fase batean egingo dugu», esan du udal arkitektoak.
Proiektua 161.112 eurotan (BEZa barne) esleitu zen, eta horri argindarra sartzearen kostua eta abar gehitu behar zaizkio.

Beharrezkoa
Herritarrek behin baino gehiagotan egindako eskaera izan da estalpea egitearena.
Plazan eguraldiaren arabera, babesen bat behar zela zioten ibartarrek, eta festa zein bestelako ospakizunetan ere udal langileak karpa bat jartzen eta kentzen ibili izan dira, eta horri erantzuna eman behar zitzaiola pentsatu zuen Ibarrako Udalak.  

Deialdia egin eta jasotako lanen artean aukeraketa egin eta gero, 3 izan ziren jendaurrean, azalpen eta guzti, jarritako proiektuak, herritarrek botoa eta iritzia emateko. Nudisquek jaso zituen herritarren boto gehien, baina proiektuari bi ohar egin zizkioten udal teknikoek: zutabe asko zituela eta zeukan garajeko ate sistema oso arriskutsua zela. Horiek zuzendu dituzte azkenik.

Itziar Agirrezabala Etxarri arkitektoaren iritziz herritarrek aukeratu duten proiektuak plazari ondoen egokitzen zaiona da eta San Bartolome plazarekin bat egiten duela dio.

 

Herritarren parte hartzea bultzatuz

Itziar Agirrezabala Etxarri udal arkitektoak azaldu duenez, 11 izan ziren San Bartolome plazako estalpea egiteko udalak jasotako proposamenak, horien artean aukeraketa egin zuen udalak eta azkenean 3 jarri zituzten jendaurrean; Nudisque izenekoa, I Barra Barra eta Gora À Gora. Erakusketa jarri zuten lan hauekin kultur etxean eta jendeari botoa ematez gain, iradokizunak egiteko aukera eman zien udalak. 18 izan ziren jaso zituzten iritziak, eta udaleko arduradunek kontuan hartu dituzte lana gauzatzeko garaian. Azkenean laurendik gora bisita jaso zituen erakusketak, eta Nudisque izan zen proiekturik bozkatuena; 76 boto eskuratu zituen. I Barra Barrak 51 boto lortu zituen eta Gora À Gorak 11.

Udala pozik azaldu da herritarren parte hartzearekin eta ibartarraren iritziak biltzen jarraitzeko asmoa ere azaldu du. Estalpearena dena den, ez da ibartarren iritzia biltzeko egindako parte hartze prozesu bakarra. Orain gutxi, Plan Orokorren lehen fasean herritarrekin bildu dira eta hauxe erabili dute ere Agenda 21 berritzeko. Izan ere, Agenda 21 berrikusi egin behar zen eta arau subsidiarioekin lotuz parte hartze bilerak egin dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!