Bezeroek TAOa doan izateko bigarren kanpaina abian jarri dute

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 13a, 15:48

Ibarrako Merkataritza Elkartearen eta udalaren artean burutu dute egitasmoa. Bezeroei TAO eremuan doan aparkatzeko txartelak emango dizkiete dendetan.

Aurreko kanpaina abenduan egin zuten. "Bezeroari erraztasunak emateko, udalak bere ekarpena egiten du. Moduan ematen dizkie merkatariei eta hauek bezeroei doan ematen die", azaldu du Jexux Peñagarikano alkateak. Berarekin batera agerraldian Ainhoa Alonso teknikaria, Eider Otamendi elkarteko lehendakaria, eta Manoli Zubillaga eta Silvia Baltanas merkatariak izan dira.

Bi txartel mota daude, ordubetekoak eta bi ordukoak. Txartel horiek eskuratzeko, horren berri ematen duten kartelak jarrita dituzten dendetara joan behar da. Bezeroa bertara joaten denean, txartela emango dio dendariak ordubetez edo bi orduz doan aparkatu ahal izateko, hurrengo batean etortzen denean. Mila txartel atera dira, horietatik 750 ordubetekoak eta beste 250ak bi ordukoak.

"Abenduan egin genuen proba, eta merkatariek ikusi zuten aurrera jarraitu behar zela egitasmoarekin", dio Peñagarikanok. "Uztailaren 11 arte aurrera jarraituko da egitasmoarekin. Aurrera begira ere ikusten bada eragina duela kanpainak, udalak ere aurreikusten du egitasmoarekin jarraitzea. Eguberrietan jarri zenean, denbora gutxi izan zen, eta ikusi da epea luzeagoa egitea".

Lokal hutsen apaintzea

Merkataritzarekin zerikusia duen beste egitasmo bati buruz ere aritu dira agerraldian. Aste Santuetan Ibarratik kanpo ibili denak, itzultzerakoan ikusiko zuen zenbait margolan daudela kalean. "2012an udalak Merkataritza Biziberritzeko plana egin zuenean, ikusi zen kaleen itxura hobetu egin behar zela, kaleei bizitasuna eman behar zitzaiela", zehaztu du alkateak. "Askotan lokalak hutsik geratzen direnean, kartelak-eta jartzen dira, eta halako utzikeria puntu bat ematen zaio eta kaleari halako atzera eragin bat egiten dio. Pentsatu zen komeniko litzakeela zenbait aktuazio egitea, kalea biziberritzeko eta suspertzeko".

Hiru lokal jo ziren begiz, eta beraien jabeekin hitz egin zen. Lehiaketa atera zen eta Tolosako GKok irabazi zuen. Euskal Herria kalearen 9 eta 15 zenbakitan ari dira margotzen, eta liburu dendaren inguruan joango da hirugarrengoa. Herriarekin zerikusia duen motiboak pentsatu dira. Dantza gaitzat hartuta margotu da Euskal Herria 9an, herrian Alurr dantza taldeak oinarri eta garrantzi handia duela-eta. Bestea, piperrarekin lotura duena izango da, eta hori 15 zenbakian margotzen ari dira. Hirugarrena panel batean margotuta ekarriko dute, bertako paretak hezetasun handia baitu eta berehala kenduko baitzen margoa. 

Bestetik, gogora ekarri dute Merkataritza Elkartetik abian jarri dutela kanpaina bat 2016ko egutegia egiteko. Argazkiak ibarrakokomertzioa@gmail.com helbidera bidali behar dira. Informazio gehiago elkartearen Facebook orrian jaso daiteke. Elkartetik parte hartzera animatu dute, eta sariak izango direla ekarri dute gogora. Maiatzak 30erako bidali behar dira argazkiak helbide horretara.

Azkenik, elkarteak kartela estreinatu du, bertan Zalantzarik gabe, nire erosketak Ibarran leloa azaltzen dela. Ibarrako Udaletik bat egiten dutela lelo horrekin azaldu du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!