Herriko ezaugarriekin ari dira apaintzen Ibarrako kaleak

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 31a, 16:26

Ibarrako Euskal Herria kaletik egunotan igarotzen diren herritarrak konturatuko ziren, bertako bi horma kolorez janzten ari direla. GKo galeriako kideak ari dira margotzen, Ibarrako Udala eta merkatari elkartearen ekimenez.

Aste honetan bertan amaituko dituzte Euskal Herria kaleko bi graffitiak, hain justu, ostiralerako aurreikusi dute bukatzea. Bata, bederatzigarren zenbakian geratzen den horman ari dira pintatzen. Bertan, Alurr dantza taldeari keinua eginez, dantzariak azalduko dira. Bigarren pintaketa hamabost zenbakian dagoen horman ari dira egiten. Bertan, herriko beste ezaugarri bat irudikatuko dute, piperra, hain zuzen.

Garikoitz Murua GKo galeriako kideak azaldu duenez, Ibarrako Udalak eta merkatari elkarteak elkarlanean, deialdia luzatu zuten, herriko hainbat horma graffitiekin margotzeko. "Beste hainbat proiekturen artean guk aurkeztutakoa zegoen, eta azkenean gurea aukeratu zuten", azaldu du. Hala, beraiek aurkeztutako ideiekin nahiz merkatari eta udaletik bultzatutako ideiekin erabaki dute azkenean nola joango diren hormak margotuta. Dantzariak eta piperra margotuko dute lehendabiziko bi graffitietan, eta hirugarrenean, berriz, Ibarrako antzinako paisaia bat irudikatuko dute. Azken hau ere, Euskal Herria kalean egingo dute, kultur etxearen parean geratzen den horma batean.

Muruak adierazi duenez, "proiektu honekin kolorea eta bizia eman nahi diete herriko kaleei". Oraingoz hiru horma margotzea adostu dute, eta aurrera begira, ikusiko dute horma gehiagorekin jarraituko duten. "Batetik, ikusteko dago herritarren artean graffitiek izango duten harrera, eta bestetik, udalaren asmoa irudiak aldatuz joatea da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!