Ibarrako EAJk gazteei zuzendutako babestutako etxeak egitearen alde egin du

Ataria 2015ko mar. 24a, 17:00

Hiri Antolaketarako Plan Orokorrerako proposamenetatik bigarrena aukeratu du

Ibarrako Udalean Hiri Antolaketarako Plan Orokorra lantzen ari dira eta hiru proposamen dituzte mahai gainean. EAJren udal taldeak hiruak aztertuta bigarrenaren alde egiten duela esan du, hau da, besteren artean, Errekondone, Ezeizaenea Ibategi eta Zaldueneko guneetan banatuta 325 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duenaren alde.

Itziar Jauregi alkategaiak esan duenez, Ibarraren etorkizuna bermatu nahi du alderdi jeltzaleak eta horregatik egin dute aukera horren alde: «Etorkizunean bertako gazteei, bai jabetzaren eta bai alokairu erregimenen bidez, ordaindu ditzaketen babestutako behar adina etxebizitza eskaini behar zaizkie».
Bigarren proposamenak Azkue, Eguzkialde eta San Bartolome eremuak erdigunearen lotzen dituela ere esan du alkategaiak: «Gainera, Ibategi eta Zaldune eremuetan, Zelai ibaiaren bi ertzetan, pasealeku zabal bat eta Bartalome deunaren elizaren aurrean jolastoki handi bat  egiteko aukera ematen du». Era berean, Eusko Jaurlaritza alokairuzko etxebizitzen aldeko konpromisoa lantzeko prest dagoela esan du.

Jauregik nekazaritza jardueraren alde egin du bestalde, «Ibarraren balore nagusi eta garrantzitsuenetako bat» delako. Alde horretatik plan honen garapenak eragiten dieten baratzeak Ibarrako beste guneetan birkokatzea bultzatuko duela gaineratu du. Amaitzeko, Izaskun auzoren inguruan esan du, askaldegia eta aparkalekua aurreikusten dituen aisialdi gunea egiteko aukerak aztertu behar dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!