Ibarrako EAJk herritarren benetako beharrei erantzuteko eskatu dio udalari

Ataria 2015eko martxoaren 13a

Ibarrako EAJren alkategaiak, Itziar Jauregik, salatu du "ibartarrak garbitasun gehiago eta autobus geltokietan markesinak jartzeko eskaerari alkateak txakurrentzako zakarrontzi berriak jarriaz erantzuten du, gaur egun Ibarra betetzen dituzten zakarrontzi, zutoin eta kolore ezberdinetako ontzi erakusketa zabalari gehituz".

 

EAJ alderdia herritarrekin ari da biltzen beraien iritziak jaso eta aztertu ondoren herri programan jartzeko aukerarekin, eta herritarrak kaleetako garbitasunarekin kexu direla eta autobus markesinak jartzeko eskatu dietela esan zuen orain gutxi. Hori dela eta, eta udalak txakur kakak biltzeko jarritako zakarrontziak direla medio, herritarren "benetako beharrei" erantzuteko eskatu dio Jauregik udalari, "herriaren garbiketara eta mantentze lanetara zuzendutako gastuei lehentasuna emanaz".

Txakur jabeek gorotzak jaso gabe uzten dituztenen aurrean aurrez kontzientziazio kanpaina egin behar dela eta segidan irmotasunez aritu eta salaketa egin behar dela esan du Jauregik. "Txakur jabeei arauak aurreikusten dituen isunak gogorarazten dien bitartean, gobernu taldeak ez ikusiarena egiten du eta utzi egin ditu bere ikuspegi politikoko pintaketak eta pankartak. Herri garbiketari, eta parke eta hiri altzari mantenuari ez dio lehentasunik ematen ere", gaineratu du. Era berean, ibartarrek ordaintzen dituzten zergetako dirua "zelatatzen gaituztela eta gure zaborrak nahi dutenean arakatzen dituztela" dioten gutunak bidaltzeko erabiltzea leporatu dio udalari alderdi jeltzaleak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!