36 dantzari eta helburu bakarra

Ataria 2015ko mar. 12a, 17:15

Etzi izango da Alurrek antolatutako Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa

Duela hiru urte antolatu zuen Ibarrako Alurr dantza taldeak Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa, eta aurten errepikatzea erabaki du. Alurrentzako txapelketa hau «ikasteko modu» bat da, «master bat bezalakoa», esan du Eli Nosellasek. «Irabazi ala galdu, ez du inporta. Guretzako helburua beste bat da; parte hartzea, ikastea, taldean aritu ordez bakarka aritzen laguntzea... balore hauek guztiak bizitzarako dira baliagarriak, orokorrean», esan du.

Bigarren edizioa etzi, larunbata, izango da Belabieta kiroldegian 16:30etik aurrera, eta 36 dantzarik hartuko dute parte. Horietako lau Alurr dantza taldekoak izango dira: mutiletan Ibarrako Aimar Odriozola, eta nesketan Ibarrako Mara Odriozola eta Ane Zubiria, eta Orexako Olatz Etxezabal. Aimar Odriozolak orain arteko txapelketa guztiak irabazi ditu eta beraz, seguruenik Aurresku eta Soinu Zahar txapelketetako finalean ariko da. Mutilek Aurreskuan hartzen dute parte eta aurreskua bera eta desafioa dantzatzen dituzte, eta neskak Soinu Zaharrean aritzen dira, eta Upelategi eta Erribera dantzatzen dituzte.


20. urteurrena
Alurr dantza taldeak aurten, 20. urteurrena betetzen du, eta hori dela eta, txapelketa hauetan egin ohi ez duten emanalditxo bat ere ikusi ahal izango da. «Epaimahaiak sariak nori eman erabakitzen duen bitartean Alurr dantza taldeko zenbait gaztez osaturiko Errota taldeak 10 minutuko bi koreografia eskainiko dituzte», argitu du Nosellasek.

Alurrek Ibarrako Udalaren eta herriko merkatarien, elkarteen eta erakundeen babesa eta laguntza jaso ditu txapelketa antolatzeko.

Udalak eta elkarte eta erakunde laguntzaileek banatuko dituzte sariak. Hain zuzen, herriko saltokiek eta herritarrek txapelketa honetarako bereziki sortu eta prestatu dituztelarik sariak.
Bestalde, Alurren ikuskizun berriaren estreinaldirako sarrerak www.alurr.net webgunean erosi daitezkeela esan dute dantza taldeko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!