‘Inposizioen aurka, giza eskubideak eta elkartasuna’ ekitaldia, ostiralean

Ataria 2015ko mar. 11a, 12:42

Urtarrilean euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen banderola kendu behar izan zuten

Ibarrako hainbat eragilek antolatuta protesta ekitaldia egingo dute ostiralean, plazan, Inposizioen aurka, giza eskubideak eta elkartasuna lelopean. Euskal presoen sakabanaketa salatzen duen banderola jarriko dute.

Pasa den urtarrilean Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren aginduz euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen banderola kendu behar izan zuten udaletxeko balkoitik, eta hori dela eta banderola plazan jarriko dute, 19:30etik aurrera. «Banderola hau 14 urtez egon da balkoian eta hainbat koloreko udal ordezkariek bertan mantendu dute beti», nabarmendu dute.«Argi dugu inposizio guztien helburua espainolizatzea, umiliazioa, eskubiden murrizketekiko elkartasuna isilaraztea eta bizikidetza korapilatzea dela», esan dute.

Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira eta bertsolari eta txalapartariak ere izango dira. Ondoren, herri afaria egingo dute.

Ekitaldia antolatzen aritu diren eragileek, Urkijoren «beste inposizio» batzuen berri ere eman dute. Gogoratu dute 2012an ekainean prozesu bat ireki eta 2013ko uztailean udaletxeko balkoian Espainiako bandera jarri arazi zuela. Era berean, 2014ko urtarrilean udaleko hitzarmenen hizkuntza irizpideen aurka egin zuen, horrela «euskararen normalizaziorako Euskal Herriko hainbat udalerrik emandako pausoak» geldiaraziz.
Urte bereko maiatzean presoen senideei bidaietarako bideratutako zuzeneko diru laguntzak emateko oinarrien aurka egin zuen, «sakabanaketak eragiten dituen ondorio ekonomikoak senideen gain utziaz». Gogoratu dute diru laguntza hauek urte askotan eman izan direla. 2014ko abenduan diru laguntzen planari helegitea aurkeztu zien.

Subegi elkartea, Gazte Asanblada, Sare, Ibarrako sokatira taldea, Ernai, Sendi Ekintzako zuzendaritza batzordea, Sortu, herriko euskara taldea, Uzturpe ikastolako Langile Batzarra, Etxerat, udaleko LABeko atal sindikala, Ibarrako Zikloturistak, eta Alurr dantza taldeak babestu dute ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!