1.700.000 euro bildu dituzte Stop Sanfilippo Fundazioan

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 10a, 16:19

Oier Iribarren eta bere guraso eta arreba, eta Jon Urdangarin (erdian)

Reiki Maratoia egingo dute asteburu honetan Donostiako Aiete jauregian, Oier Iribarreni laguntzeko.

Muga oso goian jarria dute Stop Sanfilippo Fundazioan. Hiru milioi euro bildu behar dituzte Ameriketako Estatu Batuetako enpresa batek entsegu kliniko bat egin eta gaixotasun berezi hau duten haurrak laguntzeko, eta kopurua bildu ahal izateko ekitaldiak bata bestearen atzetik antolatzen ari badira ere, oraindik asko dago egiteko. Orain arte 1.700. 000 euro inguru bildu dituzte. Aurten hala ere, berri onak espero dituzte, hori esan dute Sanfilippo gaitza duen Ibarrako Oier Iribarren haurraren gurasoek. «Laster edukiko dugu albisteren bat. Notizia itxaropentsuak izango dira», esan du Kepa Iribarren Oierren aitak. Albiste hori ez da iritsi oraindik, hala ere, eta jada urduritzen hasiak direla ere aitortu du Izaskun Aizpurua amak: «Entsegu klinikoa atzeratu egin da, baina 2015. urtean egitea zen helburua eta oraindik martxoan gaude».

Bien bitartean, gizartearen elkartasuna jasotzen jarraitzen dute, eta asteburu honetan bertan hainbat ekitaldi izango dira fundazioarentzat dirua biltzeko. Horietako batean ibartar bat ari da lanean buru-belarri, Jon Urdangarin reiki irakaslea.

Reikia eta hainbat terapia natural
Asteburu honetan, hilak 14 eta 15, Reiki Maratoia egingo dute Donostiako Aiete jauregian Oier Iribarreni laguntzeko.

Guztia antolatzen lantalde bat aritu da, eta talde horretako kide da Tolosan reiki akademia duen Jon Urdangarin. Reikiaz gain, hala ere, beste hainbat terapia natural ere egin ahal izango dira bertan: yoga, shiatsu, taichi, meditazioa, kinesiologia... Larunbatean 10:00etatik 20:00etara ariko dira, eta igandean, 10:00etatik 14:30era. Parte hartzeko bost euroko sarrera ordaindu beharko da, eta horrela hitzaldi guztietara joan ahalko da, eta baita mandala erraldoi bateko zozketan parte hartu. Honetaz gain, edozein ikastarotan sesio bat nahi izanez gero 10 euro ordaindu beharko dira, eta bono bat ere badago hiru gauza egiteko 25 euro ordainduta.  

Hau guztia antolatzeko laguntza asko jaso dute, 20tik gora enpresak hartu dute parte, tartean eskualdekoak; Casa Julian erretegia, Mahala enpresa edo Soroenea, esaterako.

Reikia, terapia lagungarria
Jon Urdangarin azken urtean Oier laguntzen aritu da reikia erabiliz. Ibarran bizi da, Oierren etxe ondoan, eta astero-astero joaten da hara, laguntzeko. «Bizi kalitatean laguntzea da nire nahia. Alzeimerrarekin ere aritutakoa naiz eta esperientzia horretatik abiatuta hasi nintzen Oierrekin. Nire ikerketa propiorako ere ari naiz. Bi gaixotasunek badituzte antzekotasunak», dio Urdangarinek.

Irakasleak gaineratu duenez beti izan du buruan Oierri laguntzea, eta ikastaroetako batean atera zen ideia: «Laguntzeko reiki maratoia egin beharko genukeela atera zen, eta horrela hasi ginen ideia lantzen. Lagun talde bat osatu eta horretan aritu gara».  

Reiki Maratoia, dena den, ez da asteburuko ekitaldi bakarra izango. Lazkao, Zaldibia eta Gaintza artean II. Goierri Rallysprinta egingo dute Ner Groupek antolatuta eta Araban, Araian, bertako Nestle izozkien lantegikoek festa egun bat antolatu dute eta horren barruan Zumba maratoia egingo dute, Stop Sanfilippori laguntzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!