EAJren alkategaiak herritarrak atez atekoarengatik kexu direla dio

Ataria 2015ko mar. 4a, 16:23

Itziar Jauregi Ibartarrei Entzuten ekimenaren barruan bizilagunekin biltzen ari da

EAJ alderdiaren Ibarrarako alkategaiak, Itziar Jauregik, dio ibartarrak «atez atekoari irtenbide demokratikoa eskatzen jarraitzen» dutela. Jauregi herritarren eskaerak entzuten ari da Ibartarrei Entzun ekimenaren barruan, azken bilera Izaskungo bizilagunekin egin zuelarik, pasa den astebukaeran. Izaskungo bizilagunek errepideak konpontzeko eta estolderi sarea eta argiztapen publikoa hobetzeko eskatu zioten.

Herritarrengandik jasotako kexu nagusiak, dena den, hondakinak biltzeko herrian erabiltzen duten atez ateko sistemak sortu dituela esan du: «Zabor bilketa sistemari irtenbidea bilatzea eskatzen dute. Egunero dagokion ontziarekin gora eta behera ibiltzeak, beti egunari eta ordutegiari begira, suposatzen duen deserosotasuna nabarmendu didate».

Alkategaiak atez atekoaren kostu erreala ezagutu nahi duela esan du, eta jendeak gaiaren inguruan informazio gutxi ematen dela esan diotela. «Merkeagoa dela baieztatuz saldu digute, baina berdin jarraitzen dugu ordaintzen eta bilketa zerbitzua asko murriztu da. Lehen, urteko 365 egunetan birziklatu genezakeen papera eta orain berriz egun jakinetan bakarrik eta zenbatzen baditugu urtean 52 egun dira. Berdin plastikoa birziklatzerakoan».

Bizilagunek galderarik ere egin diotela dio: «Bilketaren maiztasuna gutxitu bada eta ondorioz, kostua ere gutxitu dela suposatzen bada, nola da posible ibartarrok kopuru bera ordaintzen jarraitzea?». Hori dela eta, herri kontsulta bat egitearen aldekoa dela esan du.

Bukatzeko ibartar askok lorategi eta hiri altzarien mantentze lanen «utzikeriaz» hitz egin diotela esan du, eta baita Euskal Herria kalean autobusentzako markesinak jartzea eskatu diotela. Jasotzen dituen eskaerak aztertuko dituzte, gobernu programan sartu ala ez erabakitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!