375 kilotan lehen postuan jarri da Ibarrako sokatira taldea

Asier Imaz 2015ko ots. 25a, 13:24

Euskal Herriko Sokatira Txapelketa, goma gainean eta 8X8ko modalitatean, 600 eta 375 kilotako lehian dago.

Asteburuan taldeak Bilbon egon ziren, eta Ibarra sendo aritu zen. 375 kilotan, lehen postua lortu zuten ibartarrek. Lehen jardunaldia zenez, sailkapen nagusian ere lehen postuan daude moreak. Aurreko pisuetan bezala, aurkari zuzena bigarren galditu zen: Gaztedi. Gauzak asko aldatzen ez baldin badira, bi talde horien artean egongo da txapela. Guztira hiru jardunaldi jokatuko dira, eta ez da finalik izango, hau da, hiru egunetan puntu gehien pilatzen dituenak irabaziko du 375 kiloko txapelketa. Ibarrak, beraz, beste bi jardunaldi izango ditu Bilbon lortutako postuari eusteko. Hirugarren postuan Badaiotzeko gasteiztarrak sailkatu ziren, lan txukuna egin ondoren. Baina aurreko bi taldeak koska bat gainetik dituztela argi gelditu zen. Laugarren eta azken postuan Berriozarko zortzikoa gelditu zen.


600 kiloko lehen jardunaldian Ibarra bigarren geratu zen, eta oraingoan hirugarren. Bilboko irabazlea sailkapen faseetan indartsuen ibiltzen den taldea izan zen: Ñapurrak. Lapurtarrek erakustaldia eskaini zuten, eta aurkari guztien gainetik ibili ziren. Ohikoa bilakatzen ari da Ñapurtarren joera hau: Sailkapen fasean puntaren puntan ibiltzearena. Arazoak, ordea, finaletan izaten dituzte. Ibarrari aurkakoa gertatzen zaio. Aurreko fasean puntan ez dira ikusten, baina finaletan, euren maila handia dela erakusten dute. Bilbon, komeriak izan zituzten, Muruetak aurrea hartu baitzien. Hirugarren postuan, gainera, Beti Gazterekin berdindurik gelditu ziren. Bosgarren Sokarrolako zortzikoa izan zen, eta seigarren, Abadiño. Azken postua eraman zuena Berriozar izan zen. Finalean, hau da, une erabakigarrian, ikusi beharko da sailkapen horrek bere horretan jarraitzen duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!