Euskararen erabilera bultzatzeko ekintzak burutuko ditu udalak

Maier Ugartemendia 2015ko ots. 11a, 17:50

Euskararen plana berritu du; erabilera eta udala elebakarra izatea ditu helburu

Ibarra udalerri euskalduna dela esan daiteke. Azken datuen arabera biztanleen %65,76 da euskalduna eta %17,91, berriz, ia euskalduna. Udalerria euskalduna izan dadin jarraitzeko eta udalak elebakartasunerako pausoak emateko, besteak beste, onartu zuten 2014. urte amaieran Euskararen epekako Plan Berritua.

Udalak euskarari lotutako bi plan ditu abian, Tomas Ugaldebere udaleko Euskara eta Hezkuntza Teknikariak azaldu digunez. Bata, udalerriari begirako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2014-2017, urtero ekintza planetan gauzatzen dena. Bestea, udalaren barne erabilera plana 2013-2017; eta honakoa momentuan lantzen ari dira. 2014. urtea «trantsizio urtea» izan da Ugaldebereren esanetan. Orain arte Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia gauzatzen baitzuten, eta iaztik aurrera, berriz, jarraipena ematen dion Euskara Sustatzeko Ekintza Plana baitute martxan. Urte amaieran onartu zuten ekintza planak, izenak dioen bezala, euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta Ibarran ere hori dute helburuetako bat; izan ere, azken kale neurketen arabera azken urteetan zertxobait «jaitsi» da erabilera herrian. 2015ean lanketa bereziak egiteko asmoa dute arlo ezberdinetan: «gurasoekin, lan munduan, etorkinekin...».

Aipatu bezala, Ibarrako ekintza planaren asmoetako bat herria euskalduna izaten jarraitzea da, eta horretarako erabilera ere garrantzitsua da.

Udal elebakar euskalduna

Ibarrako Udala, udal «euskaldunen barruan» kokatzen da. Horregatik, «salto kualitatibo» bat eman eta udal elebidun izatetik, udal elebakarra izatera pasa da. Ugaldeberek azaldu bezala legegintzaldi honetan «ia korporazio osoa euskalduna» da, eta horrek beste salto bat ematea ahalbidetu du, betiere legeak dioen moduan «herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz».

Langileen %90 inguruk bere lanpostuari dagokion «hizkuntza eskakizuna egiaztatua» dute, eta hortaz, aurrera begira geratzen den langileen %10 horrek «hizkuntza eskakizunaren maila lortzea» da helburua.
Horretarako udalaren barruan ere, «prestakuntza faseak» dituzte abian, eta arlo ezberdinetan burutzen ari dira fase horiek. Aurten, esate baterako, hirigintzan eta idazkaritzan ari dira lanean. Baina, aurrera begira beharren arabera arlo ezberdinak lantzen jarraituko dute. Honela, udaleko lan hizkuntza euskara izatea nahi dute, nahiz eta gero herritar bakoitzak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko den zerbitzu hizkuntza bezala.

Euskararen arnasgune

Ibarra euskararen «arnasgunea» da. Herritarren gehiengoa euskalduna da: «Nahiz eta jendea etorri udalerrira, biztanle kopurua ez da handitu eta euskaldun kopurua ez da jaitsi».

Aipatu bezala, azken datuetan erabilera «pixka bat» jaitsi zela ikusi zuten, eta datozen asteetan neurketa berriro egiteko asmoa dute, datuak eguneratzeko. Bertan bildutako datuen arabera ekintza jakin batzuk jarriko dira martxan.

Hala ere, Ugaldeberek aurreikusten du «guraso ez euskaldunetan eta etorkinetan» jarri beharko dutela indar gehien. Etorkinei lotuta Auzoko egitasmoa izan du martxan udalak abendura bitarte, eta aurrera begira egitasmoa luzatzeko asmoa azaldu du; nahiz eta oraindik ebaluazio konkretu bat egiteko daturik ez duten.

Behin datuak izanda, eta ekintza plana gauzatzeko asmoz, udalaren asmoa «Aholku Batzordea osatzea» da. Horretarako eragile ezberdinak bildu nahi dituzte: «kultur taldeak, ikastola, kirol taldeak...». Eragile horiek erabilera sustatzeko ekintzak martxan jartzen «laguntzea» da helburua, hau da, «plan estrategikoa gauzatzeko eragile ezberdinekin lan egitea».

Hala ere, martxan jarriko diren ekintza horiez gain, udalak «ohiko ekintzak» burutzen jarraituko du: «irakurzaletasuna bultzatu, literatur eta komiki lehiaketak egin, tokiko komunikabideak lagundu, publizitatea euskaraz burutu...». Edonola ere, helburua atzera egin gabe euskaldunen kopuruak behera ez egitea da, eta ahal bada ekintza planarekin erabilera sustatzea dute helburu; udal euskaldun batekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!