Ibarrako Udala, preso eta iheslarien bandera kentzera derrigortua

Ataria 2015ko urt. 28a, 19:27

Google Maps

EAEko Auzitegi Nagusiak 2014ko azaroaren 5ean "Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira" dioen bandera kentzera zigortu zuen. Ibarrako udal gobernuak idatzi bat irakurriko du biharko plenoan.

Ibarrako Udalak gaitzetsi egin du bandera kentzera derrigortzen duen zigorra, eta herritarrak gonbidatu ditu osoko bilkurara iritzi eta salaketak jaso eta beren aldarrikapenak entzuteko. Bertan, honako idatzi hau irakurriko du udal gobernuak:

"Gaur, errealitate objektiboa da Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz preso dauden euskal herritarrei erabaki politikoek eragindako neurri bereziak aplikatzen zaizkiela kartzela politikan: epaitegi bereziek epaitzen dituzte, zigor neurri bereziak ezartzen zaizkie, kartzela zigorrak luzatzen zaizkie legeak berak esandakotik haratago, Euskal Herritik urrundu eta erregimen bereziak aplikatzen zaizkie…

Gaur, errealitate objektiboa da Euskal Herrian egoera politikoa aldatzen ari dela. Modu jakin batera edo bestera ulertu Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa, gaur Euskal Herriko eragile politiko eta sozial guztiek onartzen dute funtsezko aldaketak ari direla ematen eta aukera berriak ari direla zabaltzen Euskal Herrian normalizazio politikoa eman dadin. Baina oraindik ez da lortu normalizazio politiko eta sozialik: ez dira euskal herritar guztion eskubideak errespetatzen; ez dira eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzen; ez da behar bezalako saiakerarik egin gatazkak eragindako modu bateko zein besteko biktimen mina aitortu eta erreparazioan eragiteko…

Gaur, errealitate objektiboa da euskal eragile politiko eta sozial gehienek, eta baita herritarren gehiengo oso zabalak ere, pentsatzen dutela posible dela bestelako kartzela politika. Are gehiago, posible ez ezik, beharrezkoa ere badela, batetik, gatazkaren ondorioak humanizatzeko, bestetik, normalizazio prozesua sendotzeko.

Horregatik, Udal honek beti egin du bat espetxe politika aldatzeko eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskubide eta eskaerarekin.

Gaur, amets egiten dugu bihar oso bestelako egoera bat bizitzearekin. Gatazka politikotik bortxa adierazpen guztiak desagertzearekin, euskal herritar guztien eskubide guztiak errespetatzearekin, bizikidetza normalizatuarekin… Amets hori errealitate bihurtzeko, ordea, hainbat urrats sendo eta ausart eman beharko dira. Herritarrek, eragile sozialek, alderdi politikoek, gatazkaren subjektu guztiek, erakundeek… eman beharko dituzte urratsak. Banaka harturik, segur aski ez nahikoak. Baina denak ezinbestekoak, eta guztiak baturik, konponbide globala ekarriko dutenak"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!