Eskualdeko hogei eragilek larunbateko manifestaziora deitu dute

Maier Ugartemendia 2015ko urt. 15a, 18:30

Gaur arratsaldean Ibarrako pleno aretoan egin dute eragileek agerraldia; bertan Mintegiararen senideei elkartasuna adierazi diete

Larunbatean Donostian giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko manifestaziora deitu dute Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoek. Eskualdeko eragile ezberdinek ere bat egin dute deialdiarekin eta  prentsaurreko batean manifestaziora joateko deialdia berretsi dute. Horrez gain, Jon Mintegiagaren senideei «elkartasuna» adierazteko ere baliatu dute agerraldia.

Jon Mintegiaga ‘Minde’ astelehen goizaldean atxilotu zuen Guardia Zibilak. ETAri babesa ematea eta delitu fiskalak egozten zizkietela zabaldu zuen prentsa ohar bidez Espainiako Barne Ministerioak orduan. Asteartean hasi ziren lehen atxilotuak epailearen aurretik igarotzen, Mintegiagak, ordea, Fran Balda eta Javier Carballidok bezala atzo arratsaldean deklaratu zuen Eloy Velasco epailearen aurrean. Aurretik deklaratutako hamahiru pertsonak aske utzi zituen epaileak, baina Mintegiaga, Balda eta Carbadillorentzat baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu zuen.

«Etorkizunari begiratzeko unea»

Aipatu bezala, testuinguru honetan larunbatean Donostian egingo den manifestaziora joateko deia luzatu dute eskualdeko eragileek. Bertan aipatu dute asteleheneko gertaerek «denboran atzera begira» jarri dituela. Gainera, sarekada «soberan» zegoela aipatu dute atxilotuek «bizimodu publikoa» egiten dutelako.

Euren esanetan operazioaren izaera «erabat politikoa» da, eta sarekadaren benetako helburuak ez duela zerikusirik «Espainiako gobernuak esaten eta baieztatzen duenarekin». Atxiloketak egiteko unea ere ez dela kasualitatea uste dute: «Gero eta hedapen handiagoa duten eremu politikoak, juridikoak eta sozialak Espainiako Gobernuak indarrean daukan espetxe politika zalantzan jartzen duten unean iritsi dira atxiloketak».

Halaber, elkartasun keinuak «kriminalizatu eta lapurtu» nahi izatea leporatu diote espainiar estatuari. Horrela, «delitu» bilakatu nahi duelarik. Baina, egoera horren aurrean «PPren gobernuak euskal presoei ezartzen dien sakabanaketa politikaren ondorioz indarrean jartzen dituen salpuespen neurriak gero eta zilegitasun gutxiago dute gizartean».

Horrez gain, atxiloketak eta espetxeratzeak testuinguru jakin batean kokatu dituzte eragileek. Bilbon Sarek deitutako «mobilizazio erraldoiaren» ondoren, atxiloketen hurrengo egunean Espainiako Auzitegi Gorenak Frantziako estatuko espetxeetan betetako zigorra kontuan ez hartzea erabakitzean, eta 35 euskal herritarren aurkako epaiketa hastera zihoala kokatu dela operazioa gogoratu dute.

Aipatutako guztiagatik atxiloketak eta espetxeratzeak «bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahaleginei eta egoera politiko berriari» eginiko «eraso zuzena» direla uste dute.
Egoera horren aurrean, «etorkizunari begiratzeko unea» dela uste dute, «askatasunean, bakean eta demokrazian oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko konpromisoak hartzekoa». Zurrunbilotik atera, eta euskal herritarrak «bakean, demokrazian eta askatasunean» bizi nahi dutela gehitu dute. Azkenik, Mintegiagararen senideei elkartasuna adierazi eta larunbateko manifestaziorako «deialdia» luzatu dute.

DEIALDIA

ETZI, URTARRILAK 17

17:00. Euskal Herriko eragile ezberdinek manifestazioa deitu dute Donostian Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean. Antigua auzoko tuneletik abiatuko da manifestazioa.

Deialdiarekin bat egin duten eskualdeko eragileak. Manifestaziora deitu duten eskualdeko
eragileak eta atzoko agerraldiko testua sinatu dutenak, hauek dira: AHT Elkarlana, Aralar, Bilgune
Feminista, EA, EHE, ELA, Ernai, Esait, Etxerat, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, LAB, Sortu, Sendi Ekintza, Alur, Hauspoa, IGA, Ibarrako Sokatira taldea, Lokatzetan Ibarra eta Subegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!