Giza sarea osatuko dute Ibarran, sakabanaketarekin amaitzeko

Maier Ugartemendia 2014ko abenduaren 23a

Atzo herritar talde bat bildu zen Ibarrako plazan, abenduaren 31n Sarek egingo duen giza sarerako deialdia egiteko. Bertan aipatu zuten "25 urte baino gehiago" direla milaka pertsonen giza eskubideak "urratuak" izaten ari direla, "espetxe barruan zein kanpoan". Sareren esanetan, urraketa hori "erabaki politiko baten ondorio" da, eta "minan eta mendekuan" oinarrituta dago: "Preso eta senideei gehitutako zigorra da, besteren artean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpen baten arabera legezkoa ez dena".

Sareren esanetan, urteak dira euskal presoen Euskal Herriratzea, eskatzen duela jendarteak: "Haien senide, lagun zein inguru sozialetik gertu". Horregatik, euren helburua "sakabanaketarekin amaitzea" dela adierazi zuten: "hainbat sentsibilitate eta ideologia barnebiltzen dituen sareaz lortuko baitugu presoen urruntzea eta isolamenduarekin amaitzea".

Horretarako, abenduaren 31n giza sarea osatuko dute, Ibarrako plazatik sarrerara, 18:45ean, Euskal Herrira Orain! lelopean.

Horrez gain, urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusen zerrendak ohiko tabernetan daudela gogorarazi zuten, eta ahalik eta azkarren izena emateko eskatu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!