Ibarratik Misio Taldearen merkatu solidarioa igandera arte zabalik

Maier Ugartemendia 2014ko abenduaren 17a

ndia, Honduras eta Ekuadorren dituzten proiektuak laguntzeko erabiliko da merkatuan lortzen den dirua

Ibarratik Misio Taldeak urtero bezala Merkatu Solidarioa zabaldu du parrokiako lokaletan. Igandean egin zuten irekiera ofiziala, pintxo pote solidario batekin. Baina, oraindik bertaratzerik izan ez duenak igandera bitarte aukera du. Astean zehar 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era egoten da zabalik, eta igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik.

Xabier Aierza Ibarratik Misio Taldeko kidea da eta jendeak orain arte egindako harrera «oso ona» izan dela azaldu digu. Material bilketan jende askok lagundu zuen, eta igandean merkatuaren irekieran «jende asko bildu zen bai dendan eta baita kanpoan jarritako tabernan ere». Igandean, bakarrik «2.000 euro» lortu zituzten.

Merkatuan jatekoa ez den «edozein gauza» aurki daiteke: «oinetakoak, arropa, etxeko pitxiak...».
Merkatu solidarioak, Ibarratik Misio Taldeak abian dituen proiektuetarako laguntza lortzea du helburu. India, Ekuador eta Honduras herrialdeetan hiru proiektu dituzte martxan. Indian, Bordunsa herrialdean, esate baterako, «artategi handi bat» egin behar dute. Duela bi urte bertan neskentzako egoitza bat ere eraiki zuten; orduan ere artategi txiki bat egin zuten baina beste bat egiteko laguntza eskatu zieten, eta «horretan» daude. Aierzaren esanetan, «behar handia» daukate.

Hondurasen, Suyapa auzoan, urtero bezala blokezko hiru etxe eraiki dituzte, eta horrez gain, aurten putzu beltzen estolderia jarri dute, kanalizatu egin dute.

Ekuadorren, berriz, solario bat zuten eta bertan 180 metro koadroko etxe bat eraikiko dute «emakumeen trebakuntzarako».

Proiektu hauek guztiak aurrera eramateko beharrezkoa da Ibarrako taldean bertan ere pertsona askoren lana. Talde buru bezala hamar pertsona daude, eta ekintza puntualetan 30 pertsona inguru biltzen dira. Horrez gain, bestelako laguntza jasotzen dute 140 pertsonarengandik, eta Ibarrako Udalaren, Legorretakoaren eta Laskorain ikastolaren laguntza ere jasotzen dute. Guztien laguntza «beharrezkoa» da.

Indiatik bueltan

Xabier Aierza duela zortzi egun iritsi zen, hain zuzen ere, Indiatik. Urtero dituzten proiektuen jarraipena egiteko bertara gerturatzen saiatzen dira. Bereziki India eta Hondurasera joaten dira, bertan hezkuntzarekin lotutako proiektuen jarraipena egiten baitute. Izan ere, hezkuntza, osasuna eta elikadura dira euren proiektuen lehentasuna. Bestalde, duela hogeita hamabi urte elkarlanean hasi zirenetik bertan lagun asko ere egin dituzte, eta eurak «bisitatzera» ere joaten dira: «Gure bigarren familia dira».
Aurrera begira beste hainbat urtetarako lana badute hiru herrialdeetan eta horretan jarraituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!