Ibarrako EAJ-k atez ateko "inposaketarekin temati jarraitzea" salatu du

Maier Ugartemendia 2014ko abenduaren 16a

Duela hiru astetik hona Jesus Peñagarikano Ibarrako alkateak zenbait bizilagunei "isun mehatxuarekin"  gutunak bidali dizkietela salatu du Ibarrako EAJ taldeak

Itziar Jauregi alkatetzarako hautagaiak "benetako jazarpentzat" hartu ditu zenbait herritarrei iritsitako gutun horiek, "beldurtzeko ahaleginarekin" bidali direla uste du. Jauregik, gutuna eskuetan zuela, bertan kuboak jaso arren hondakinak lurrean uzten direla jartzen duela aipatu du: "helbide horretako kuboak jaso bai baina ez dira erabiltzen; are gehiago, etxebizitza horretako bizilagunak ikusiak izan dira euren hondakinak lurrean uzten, zintzilikarioen alboan".

Gainera, Jauregik "Mutrikuko Bilduko bere kideak egin duen berdina egiteko" gonbitea luzatu diote alkateari: "Garaiz dago zuzentzeko eta historiara ez dadin pasa ibartarron gehiengoaren borondatearen aurka oraindik ere nahi ez dugun sistema inposatzeagatik".

Gutunean aipatzen dena dela eta, "pertsonen bizitza kontrolatzeko obsesioa" onartezintzat jo du, eta alkateak "birziklapen demokratikorako ikastaro trinko bat" behar duela uste du.

Gauzak honela, Ibarran ezarritako hondakin sistemaren inguruan Jauregik aipatu du "alkateak oso ondo dakiela zintzilikarioen sistema garestiagoa, zikinagoa eta deserosoagoa dela", baina hala ere, "hanka sartzearekin" jarraitzen duela. Horregatik, ibartarren "konfidantza" lortuz gero bilketa sistema erabakitzeko herri galdeketa egiteko konpromisoa hartu du.

Azkenik, aipatu du ibartarrek "etorkizun garbiago, osasungarriago eta iraunkorrago" baten alde egin nahi dutela, eta horretarako ez dutela "mehatxu gutunik behar".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!