Ibarrako saltokietan erosteak saria izango du aurtengo Gabonetan

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 15a, 10:43

Ibarrako Merkatarien Elkarteak ostiralean aurkeztu zituen aurtengo Gabonetarako prestatu dituzten ekintza ezberdinak: oparien zozketa, erakusleihoetako apaingarriak eta gazteenentzako prestatutako ekintzak.

Eider Otamendi merkatarien elkarteko lehendakariak azaldu zuen aurtengo Gabonetarako prestatutako guztiaren berri. Batetik, ostiralean hasi eta erregeen egunaren bezpera bitarte, hau da, urtarrilaren 5a bitarte, Ibarrako saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroei boleto batzuk banatuko dizkiete. Txartel horiek bete eta saltokietan dauden kutxetara bota behar da. Zozketa urtarrilaren 9an egingo da. 100 euroko lau opari txeke zozketatuko dituzte bezeroen artean, "saltoki bazkidetuetan gastatzeko".

Bestalde, abenduaren 31n ospatzen den lasterketan parte hartzen duten guztien artean opariak zozketatuko dituzte: "Saltoki bazkidetu bakoitzak opari bat jarriko du, eta lasterketa amaitzerakoan partaide guztien artean zozketatuko dira opari hauek".

Horretaz guztiaz gain, aurten etxeko gazteenentzat ere hainbat ekintza antolatu dituzte, Gabonetan izaten dituzten jai egunetarako. Abenduaren 20an eta 27an, 11:00etatik 13:00etara kiroldegian, Ipotxen zirkoa izango da. Bertan Ipotxek eskujokoak eta zirkuko jolas desberdinak erakutsiko dizkie bertaratzen direnei. Era berean, abenduaren 29an, 11:00etatik 13:00etara, Sendi-Ekintza elkartearen egoitzan, 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzat tailer eta jolasak antolatu dituzte: "Bertan Eguberrietako Cupcake-ak, Gabon Zaharreko maskarak eta usaindun zakuak egiten ikasteko aukera izango dute gure haurrek". Guztira 45 haurrentzako lekua dago tailerrean, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da abenduaren 26a baino lehen, San Bartolome komertzialean edota Lurdes liburudendan daude zerrendak. Gazteenentzat "ekimen dibertigarriak" prestatu dituzte; era berean, gurasoek saltokietan erosteko aukera izan dezaten.

Azkenik aipatu aurten erakusleihoetan eskulan "oso bereziak" izango dituzte, Eguberriak girotzeko. Eskulan horiek Etxaniz Fundazioko mojek egin dituzte, eta "eskerrik beroenak" eman nahi izan dizkiete merkatariek Karitateko Alaben kongregazioari. Eta bide horretan, "eskerrak" eman nahi izan zizkieten ikastolako haurrei beraiek ere egindako lanengatik, eta baita "Ibarrako Udalari, alkate Jexuxi, Itziar eta Ainhoari, eta Eusko Jaurlaritzako Garapen ekonomikoko eta Lehiakortasun sailari bere babesa eta laguntzarik gabe Gabon kanpaina hau ezingo genukeelako aurrera eraman". Horregatik, azken kanpainan erabili dituzten esaldiak bergogoratu zituen Otamendik: "Ibarra maite dugu, guk Ibarra bultzatzen dugu, guk zu behar zaitugu".

Energia kontsumoa aurrezten

Itziar Saizar, Ibarrako Udaleko Ingurumen zinegotziak, ere hitza hartu zuen agerraldian, eta "eskerrak" eman zizkieten ikastolako ikasleei eta irakasleei, eta mojei, egindako lanagatik. Izan ere, udalak energia kontsumoa "aurrezte" aldera eta kutsadura luminikoa "murrizteko" urtero egiten duen ahaleginean "oso garrantzitsuak" dira egindako lan horiek.

Horrekin lotuta, aurten laugarren urtez, kaleetako argi kopurua "murriztu" du udalak, eta horien ordez material birziklagarriekin egindako apaingarriak jarriko dituzte kale eta saltokietan. Hala ere, jendeak hala eskatuta, zenbait kale ere argiztatuko dituzte. Argi horiek abenduaren 17an piztuko dituzte, eta urtarrilaren 7an itzali, 18:30etik 21:30era.

Berrikuntza modura, aurten kotxe aparkatzeako izaten diren arazoak konpontze aldera, saltokiek bezeroei ordubete eta bi orduko TAO txartel bereziak banatuko dizkiete, autoa doan aparkatu ahal izateko. Helburua, herritarrek erosketak "lasai eta herrian bertan" egitea izango da. Ekimen hau urtarrilaren 31n amaituko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!