Mattin de la Sotilla eta Josune Gorostidi tiralarien hitzak:
Imanol Otermin, Lander Otermin, Mattin de la Sotilla eta Beñat Jauregi aritu ziren lehian, 300 kilotan. Bi jardunaldiren ondoren, Baigorri, Ñapurrak eta Ibarra berdindurik geratu ziren. Baina finalean aurretik egindako lanak ez zuen balio, hutsetik hasten baitziren. «Guk ez dugu aldaketarik egin. Baigorrik bai, eta indartsu zeuden arren, ez zaie hain ongi atera», zioen Mattin De la Sotillak finalaren ondoren. «Zozketan ez dugu zorte handirik izan, eta ez genuen espero irabaztea. Horrela izan da, eta gustura», gaineratu zuen tolosarrak. Garaipenaren gakoa lehen tiraldietan kokatu zuen De la Sotillak. «Baigorrik besteetan, hasieratik eraman gaitu, 10 segunduren barruan. Gaur geratu egin ditugu, eta hori ikustean, gure aldera ekartzea posible zela ikusi dugu, eta horrela izan da. Gero Ñapurraken aurka aritu gara, eta oso gogorra izan da, gure aldera edo eurenera joan zitekeen soka». Bi talde indartsuenei irabazi ondoren, ederki aritu da Ibarrako laukotea, podiumeko lehen koskarainoko bidean.
260 kiloko taldean, Ohiane Sarasola, Miriam Elorza, Ainara Otamendi eta Josune Gorostidi aritu ziren finalean Ibarrarekin. Agurtzane Belokik lehen jardunaldian parte hartu zuen. Hauen kasuan, finala baino aurreko jardunaldien jarraipena izan da. Guztira lau jokatu dituzte, eta puntu gehien biltzen zituena izan da irabazlea: Ibarra.
Josune Gorostidiren esanetan, denboraldia gogorra doa: «Sei baja izan ditu taldeak aurten. Ez genekien nola ibiliko ginen, baina oso gogor ari gara entrenatzen, eta emaitzak iristen ari dira».
Larunbateko jardunaldian, Gaztedi zuten aurkari Gorostidiren esanetan: «Esperientzia handiko neskak dira. Mundu mailako txapelketetan puntan ibiltzen dira, batez ere lur gaineko probetan. Hala eta guztiz ere, goma gainean oso ongi moldatzen dira, eta eurekin ibiltzen gara beti borrokan. Bi puntuko aldea genuen aurreko jardunaldiak jokatu ondoren, eta horrek lasaitasuna eman digu». Lehen postua lortu ondoren, ospakizunen txanda iritsi zen, eta Ibarrako sokatiralariek afaria egin zuten. Hauekin, beste taldeetako kideak ere Ibarran geratu ziren, beraz, gustura amaitu zuten denek.
300 kilotan
1. Ibarra 6p
2. Ñapurrak 5p
3. Baigorri 4p
4. Iparralde 3p
5. Sokarrola 2p
6. Urruña 1p
260 kilotan
1. Ibarra 18p
2. Gaztedi A 16p
3. Gaztedi B 11,5p
4. Badaiotz 10,5p
5. Bizindar 4p