Plan orokorreko aukeren eztabaidak burutu dituzte

Maier Ugartemendia 2014ko abenduaren 10a

Atzo Izaskun eta landa eremuen inguruko saioa izan zen fase honetako azken bilera

Ibarrako Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra prestatzen ari da, eta herritarrekin bilera ezberdinak egin dituzte, etorkizunean nolako Ibarra irudikatzen duten jakiteko.

Atzokoa izan zen lehen zati honen azken bilera. Bertan 40 pertsona inguru bildu ziren, eta Izaskun eta landa eremuen inguruan hitz egin zuten. Ibarraren ezaugarrietako bat, herriak duen nekazal izaera da, eta talde erredaktoreak egindako diagnostikoan izaera hori mantentzea ikusten da. Horrez gain, Izaskun eta landa eremuetako etxebizitzen, partzelazio erregimenen, baserrien, txabolen edo borden inguruan hitz egin zuten. Baita Izaskunen etorkizuneko garapenari buruz, bideen titulartasun eta mantenuari buruz edota bigarren saihesbidearen jarraipenak izango lukeen eraginari buruz ere.

Aipatu behar da, bileran parte hartu zuten herritarren gehiengoa Izaskungoa zela, eta bertan dituzten hutsuneei eta beharrei buruz ere hitz egin zutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!