Ibarrako Merkatarien Elkarteak kanpaina berri bat jarri du martxan. Mari Jose Ricon da merkatari horietako bat eta berak ere parte hartu du kanpaina honetan. «Sentsibilizazio» kanpaina bat da honakoa bere esanetan, eta erosketak bertako komertzioetan egiteak duen «garrantzia» azpimarratu nahi izan dute.
Gauzak honela, jada Ibarrako denda edo komertzio ezberdinetan, merkatariak eurak protagonista diren kartel ezberdinak ikus daitezke, honako leloekin: «Guk Ibarran erosten dugu, guk Ibarran kontsumitzen dugu, guk Ibarra bultzatzen dugu, guk Ibarra maite dugu, guk Ibarra bizirik nahi dugu....». Kartel hauek egiteko bazkideek euren artean argazkiak atera dituzte, bata bestearen dendetan, eta argazki horiekin eta aipaturiko leloekin osatu dituzte kartelak.
Aipatu bezala, honela ibartarrei eta bezeroei «elkartasunak eta bertako komertzioetan erosteak duen garrantzia» azpimarratu nahi izan diete, eta eurak izan dira «gure barruak eta gure aurpegiak» erakutsi dituztenak, gertutasun hori erakusteko. Merkatarien arteko harreman «zuzena» eta duten erlazio «estu eta ona» islatu nahi izan dute horrela, euren ustez elkartasun horren bidez saltokiak «sendotuta» ateratzen baitira.
Herrian kontsumitzen
Riconen esanetan, ibartarrek badute herrian kontsumitzeko ohitura baina Tolosa ondoan dutenez «borroka handia» egin behar izaten dutela dio; nahiz eta «ilusioarekin» egiten duten lan hori. Kanpainaren helburuekin bat eginda, beraiek nahi dutena da ibartarrek jakitea bertan komertzioa badagoela eta bertan erostea «garrantzitsua» dela. Izan ere, Ibarrako merkatarien kanpaina honek bat egiten du Eusko Jaurlaritzak tokiko saltokien balioak ezagutarazteko martxan jarri duen kanpainarekin, «komertzio gabeko herria, herri mamua bihurtzen delako», eta bertan erosteak herriari «argitasuna eta gertutasuna» ematen diolako. Hau da, herritarrek ere merkatariak behar dituztela uste dute: «Denak gara garrantzitsuak eta beharrezkoak».
Hurrengo asteetan Gabonetako kanpaina izango dute merkatariek aurretik. «Urteko kanpainarik garrantzitsuena» izaten da Riconen esanetan, eta garai horretan bezeroak «saritzen» saiatuko direla jakinarazi du. Kanpaina horren barruan bezeroekiko «gertutasuna» eta «fideltasuna» bilatzen jarraituko dute, jada abiatu duten kanpaina berri honekin bezala.