Duela aste batzuk crowfunding edo diru bilketa kanpaina berri baten berri izan genuen. Kaxa Hutsak izeneko proiektu batek finantziazioa lortzeko sortu zuen kanpaina izan zen, eta proiektu horretako protagonistetako bat Gari Ibarluzea ibartarra zen. Proiektuak Ibarluzea eta beste iheslari politiko batzuen egunerokoa islatzea du helburu, eta kanpaina amaituta aurrera egiteko beharrezko babesa lortu du.
Lorpen honen harira, Ibarrako ezker abertzaleak herritarrak «zoriondu» nahi izan ditu «Kaxa Hutsak proiektuaren crowdfunding kanpaina bultzatzen erakutsitako prestutasunagatik». Ibarran kanpaina berezi bat abiatu zuten proiektuari laguntzeko eta pasa den astean Ibarluzearen lagunek Subegi elkartean antolatutako afariarekin eman zioten amaiera kanpaina horri. Gauzak honela gustura daude emaitzekin: «Helburuak lortu dira, Ibarran nahiz Euskal Herrian; proiektua errealitate bat izango da».
Diru bilketa egiteko kanpaina honek 12.000 euro lortzea zuen helburu, eta kanpaina itxi ostean 13.530 euro lortuak zituzten. Ibarrako ezker abertzaleak egin dituen kalkuluen arabera, Ibarran kopuru horren %10 a atera dutela uste dute, «gutxi gorabehera»; hau udaletxeko diru laguntza kontutan hartu gabe. Nahiz eta, badakiten zehazki zenbat bildu duten jakitea zaila dela, internetez «modu pertsonalean» egiten zirelako ekarpenak.
Proiektuaren sortzaileek lana amaitzen dutenean, emaitza Ibarran «modu publiko eta zabalean» estreinatuko dutela ohartarazi dute ezker abertzaletik, eta gainera, egileak ere bertan izango direla «azalpenak» emateko.
Aipatu bezala, Kaxa Hutsak proiektuak iheslarien eguneroko bizimodua nolakoa den azaldu nahi du eta ezker abertzalearen ustez «bereziki Gari Ibarluzeak Londresen daramakien bizimodua ulertzeko» balioko du eta era berean uste dute «kontzientzia zabaltzearekin batera», gatazkaren konpontze bidean egoera horiek «gainditzen» joan behar dutela.