"Lehenengo mailako jubenila naizenez, aurtengo nire lehen helburua ikastea da"

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 27a, 15:58
Argazkia: Oriako

Pasa den asteburuan eman zaio hasiera txirrindularitza denboraldiari, Gipuzkoako Pista Sariarekin. Oriako Limousin taldeko Maddi Amondarain ibartarra gailendu zen bertan, eta bera da bere mailako lehen liderra 15 punturekin. Kadete mailan ere Oriakoko Unai Iribar da lehen postuan.

Denboraldiko lehen lasterketa jokatuta, ze sentsazio dituzu?Nahiko onak. Pasa den urteko denboraldia luzea egin zitzaidan azkenerako, eta orain deskantsatuta nago. Lehiatzen hasteko gogoz nengoen eta sentsazio onak ditut.

Pistako lehen proba irabazi duzu eta lider zara. Espero zenuen urtea goian hastea?Egia esateko, ez. Nahiko mentalizatua nindoan oraindik denboraldi hasiera zela eta pixkanaka joan beharko nuela, eta horregatik ez nuen horrelako emaitzarik espero.

Dena den, lehengo urtean emaitza onak lortu zenituen...
Bai. Errepidean hiru lasterketa eta Euskaldun txapelketa irabazi nituen. Pistan, berriz, Euskadiko txapelketan lehenengoa izan nintzen eta horrez gain, beste bost domina eskuratu nituen.

Eta zure aurtengo helburua zein izango da?
Lehen mailako jubenila naizenez aurten, lehenengo helburua ikastea da. Horik aurrera, emaitzak hobetzen ahaleginduko naiz.

Ikastea aipatu duzu. Nolakoa da zure astea?
Orain pistako denboraldia denez, astean hiru egunetan joaten gara Donostiako belodromora entrenatzera. Errepideko denboraldia hasten denean, eguraldia ona eginez gero, errepidetik ibiltzen gara, bestela egunen batean belodromora itzultzen gara.

Eta errepideko denboraldian zein lasterketetan lehiatuko duzu?
Euskaldun Txapelketan. Euskal taldeen artean jokatzen den ligaxka da. Ondoren, Espainiako Kopan ere izango naiz. Hor emaitza onak lortu eta zerbaitengatik lehiatzea polita izango litzateke.

Etorkizunean ere txirrindularitzan jarraituko bazenu, zer egitea gustatuko litzaizuke?
Momentuz, orain arteko emaitza onak lortzearekin konformatzen naiz. Nire ametsa, berriz, Munduko Txapelketa batean lehiatu eta talde profesionalen batekin lehiatzeko aukera izatea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!