Mugikortasuna hobetzea herritarren eskaeren artean

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 27a, 15:50

Hirugarren eta azken bilera abenduaren 9an izango da 19:00etan, kultur etxean, eta Izaskun eta landa lurrei buruz hitz egingo da

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra prestatzen ari da Ibarrako Udala. Erredaktore taldeak herriko diagnostikoa egin ostean, zenbait alternatiba proposatu ditu herriarentzat eta herritarren artean alternatiba horiek aztertzen ari dira bilera ezberdinen artean. Asteazkenean Ibarra ekialdea aztertu zuten eta herritarren eskaera nagusien artean herriko mugikortasuna hobetzearena zegoen.

Aipatu bezala, asteazkenean ekialdeko ingurunea landu zen, eta Ibarraren gune honen ezaugarri nagusiak aipatu zituen Itziar Agirrezabala udal arkitektoak: «Ibarrako bihotza da, ekipamendu nagusiak bertan aurkitzen dira, komertzio jarduera gutxi dago eta daudenak San Bartolome plazaren inguruan kokatzen dira, eremu libre gutxi dago eta ez dago errekarako sarbiderik, gune sakabanatuak daude eta gune horien artean ez dago konexiorik, aparkaleku falta dago...».

Ezaugarriak ezagututa, erredaktore taldeak diagnostikoan bildutako beharretako batzuk ere zerrendatu ziren bileran: «Etxebizitza berriak egitea eta zaharrak berritzea, jarduera ekonomikorako lurraren beharra, esparru libreak eta mugikortasuna hobetzea, nekazaritza lurrak nola tratatu aztertzeko beharra, errekari begiratzeko beharra...».

Eta behar horiei erantzuteko erredaktore taldeak hiru alternatiba proposatu ditu, bi irizpide nagusi dituenak. Bata «eraikitako herrian etxebizitzak eraberritzea», eta bestea «hiri erabilera ez duen lurzoruaren okupazioa minimoa izatea». Horrez gain, ezinbestean eztabaidatzeko gai bezala ikusten dute «zelai errekaren ertzetan esku-hartzea».

Aurreko bileran 0 eta 1 izeneko alternatibak landu ziren, eta bertan egindako ekarpenak ere aipatu zituen Agirrezabalak. Jarraian bileran aipatu zirenetako batzuk: «Nukleo bakoitzaren mugimenduetan aukera gehiago lantzeko beharra, bide zaharren berreskuratzea, Leabururako bidean bide gorria eta oinezkoentzat espazioa izatea, San Inazio eta anbulategiaren arteko lotura hobetzea, herriko irteera nagusia Txumitxatik behera doan errepidea arazo bezala ikustea...».

Gauzak honela, Agirrezabalak 2 alternatiba izenekoak ematen zituen aukera ezberdinak azalduta, herritarrek hausnarketa egiteko aukera izan zuten, eta ondoren egindako hausnarketak eta ekarpenak guztien artean elkarbanatu zituzten. Herritar gehienen artean «barne mugikortasunarena» ikusten zen arazo nagusi moduan. Zenbait herritarrek herritarrentzako guneak faltan botatzen zituen, eta horrek eragin zitzakeen arazoen inguruan alternatibak proposatu zituzten. Demografiaren zahartzea ere kezkagarri ikusten zuten zenbait herritarrek, eta eraikitzeko dagoen beharra ere aipatu zen.

Hurrengo bilera, abenduaren 9an izango da, kultur etxean, 19:00etan. Bertan bai euskaraz eta baita gazteleraz ere Izaskun eta landa lurren inguruan hitz egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!