Apatta errekan, aizkolari gazteen txapelketa

Asier Imaz 2014ko azaroaren 20a

Herri kirol jaialdia igandean 12:00etan izango da, Diva enpresaren lantegian.

Apatta erreka Industrigunean, Ibarran, Aizkolari Gazteen Txapelketa antolatu du Diva pentsu enpresak. Aizkolariekin batera, harri jasotzaile erakustaldia ere egongo da.

Herri kirol festa igandean izango da 12:00etan, Diva enpresak Apatterrekan duen lantegian. Sarrera dohainik jarri dute antolatzaile eta enpresako arduradunek. Bertara gerturatzen direnentzat, gainera, pintxoak egongo dira; herri kirolarietaz gozatzen ari diren bitartean sabela hutsik ez izateko. Otordua ere dohainik izango dela azaldu dute.

Txapelketari dagokionez, aizkolari gazteak izango dira protagonista. Eta horien artean, Alkizalete II.a ariko da lehian. Asteasuarrak ondorengo aurkariak izango ditu: Aritz Irazabal (Ugao); Larrea III.a (Barakaldo); Jon Rodrigez (Segovia); Julen Alberdi Txiki IV.a (Azkoitia) eta Iker Vicente (Otsagabia). Azken hau jotzen dute faborito herri kirol adituek. Vicentek 17 urte besterik ez izan arren, etorkizun handiko aizkolaria dela erakutsi du behin baina gehiagotan.

Aizkolariekin batera harri jasotzaile erakustaldia egongo da igandean Apatta errekan. Txapelketa girotzeko asmoz eta bertaratuko direnen gozamenerako, Izeta II.ak harriarekin bere dohainak erakutsiko ditu Diva enpresan.

Antolatze lanetan ari diren lantegiko kideek herri kirolaz gozatzera gonbidatu dituzte eskualdeko herritarrak, aizkolari gazteenei ere euren babesa erakusteko. Beraz, hitzordua mahaiaren gainean jarria dago: azaroak 23, igandea, Apatta errekako Diva lantegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!