Hiri Antolamenduko alternatibak aztertu dituzte herritarrekin

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 20a, 10:28

Atzoko bileran Ibarra mendebaldea eta bertako alternatibak aztertu zituzten; hurrengo bilera hilaren 26an izango da, 17:30ean euskaraz eta 19:15ean gazteleraz, kultur etxean eta ekialdeaz hitz egingo da

Ibarrako Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria prestatzen ari da. Antolamendu hau, ordea, herritarren iritzia kontuan hartuz osatu nahi du. Hori dela eta, abian du Ibarra elkarrekin eraikiz izeneko programa, eta programaren baitan herritarrekin hainbat bilera burutzen ari da euren iritzia jaso ahal izateko. Pasa den astean egin zen lehen bilera, eta bertan hogeita hamar bat herritarrei Ibarrari buruz egindako azterketaren ondorio nagusiak aurkeztu zitzaizkien. Atzo, ordea, jada aukera horiek aztertzen hasi ziren. Ibarra mendebaldeko auzoen inguruan hitz egin zuten, eta taldeetan banatuta alternatiba horien inguruko hausnarketa egin zuten.

Guzti honen helburua, «udalerriarentzat egokiena dena marraztea» da, eta honela ibartarren bizi kalitatea hobetzea. Horrekin pertsonen mugikortasuna erraztu nahi dute, auzoen arteko loturak hobetu, udalerria gune libreez eta gune berdeez hornitu, zelai erreka aisialdi gune moduan aprobetxatu eta honetaz gozatu, etxebizitza eskaera asebete eta eraikuntzak eraberritu, jarduera ekonomiko berriak jarri, Euskal Herria kalean trafikoa murriztu, etab.

Ibarra mendebaldearen ezaugarri nagusiak ere aipatu zituzten sarreran. Tolosarekin muga egiten du, iparraldean mendia dago eta «malda handiak» daude, Euskal Herria kalean trafiko intentsitate «handia» dago eta merkatari «gehienak» bertan badaude ere, zerbitzuak ekialdean daude.

Ateratzen diren ondorio nagusiak bi dira: «Espazio libre eta gune berdeen falta, eta aparkaleku falta».
Aipatu bezala, herritarrek talde ezberdinetan landu zituzten 0 eta 1 izeneko alternatiben ezaugarriak.
Zero alternatiba aztertzerakoan Itziar Agirrezabala arkitektoak honako galdera zuzendu zien herritarrei: «Eremu txikia eraberrituta zer hobekuntza egin behar dira beharrei aurre egiteko?». Izan ere, alternatiba horretarako diagnostikoa egin duen erredaktore taldeak «ekintza puntualak» egitea proposatzen du.
Bat alternatiban herriaren erdian dauden lursailen inguruan hitz egin zuten, eta baita mendebaldea eta ekialdea «Komunikatzeko beharraz» ere. Mugikortasuna izan zen gai nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!