Iheslarien egunerokoa argitara atera nahi duen proiektua laguntza eske

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 18a, 15:24

Kaxa Hutsak proiektuak iheslarien egungo egoera ezagutu eta ikustera eman nahi du; Gari Ibarluzea ibartarra da protagonistetako bat eta proiektua aurrera eramateko "garai egokia" dela uste du

Kaxa Hutsak proiektua Garikoitz Garaialde eta Josu Trueba argazkilariek eta Iker Oiz disenatzaileak 2012an martxan jarri zuten ideia baten garatzea da. Proiektu honekin «Espainian Francoren diktadura amaitu zenetik, modu batean edo bestean, Estatuak sustatu edota babestutako errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan izanagatik edo jasatearen beldur ihes egin zuten pertsonen esperientziak bildu, ezagutu eta ezagutzera eman» nahi dituzte sortzaileek, webgunean azaltzen duten bezala. Hain zuzen ere bi helburu nagusi lortu nahi dituzte: «Iheslarien gaur egungo egoera ezagutu eta ikustera ematea; eta iheslarien bizitza dokumentatu eta irudikatzea, lehen pertsonan azaldu dezaten beraien egoera eta pairatzen dituzten gizarte arazoak».

Proiektuaren sortzaileek egun 500 iheslari inguru daudela aipatzen dute, baina eurek sei edo zortzi iheslariren historia kontatuko dute. Garai eta egoera «ezberdinetan» ihes egindakoak direnak, kolektibo horren irudi «ahalik eta zabalena» eskaintzeko asmoz.

Guzti horretarako, ordea, laguntza ekonomikoa lortzea ezinbestekoa dute, eta helburu horrekin abiatu dute crowfunding kanpaina bat; internetez diru bilketa egiteko kanpaina bat da. 12.000 euro lortzea dute helburu, azaroaren 23a baino lehen. Lau egun falta diren honetan 11.130 euro lortu dituzte. Baina, oraindik behar duten dirua lortzeko aukera zabalik dago. Kaxahutsak.com webgunean azaltzen dute ekarpena nola egin daitekeen eta trukean zer jasotzen den. Bestela, kontu korronte bat ere badute laguntza ekonomikoa zuzenean emateko.

Ibarran martxan diren ekimenak

Ibarran ere hainbat ekimen jarri dituzte martxan Kaxa Hutsak proiektuari laguntzeko. Izan ere, Garikoitz Ibarluzea iheslari ibartarra da proiektu honetako protagonistetako bat, eta Ibarrako ezker abertzaleak proiektuaren berri izan zuenean kanpaina honetan bere laguntza eskaintzea pentsatu zuen. Izan ere, ezker abertzalearen esanetan gatazka konpontzeko bidean, «euskal preso eta iheslariak etxeratzea ezinbesteko baldintza» da, eta bide horretan «aproposa» ikusi zuten iheslarien eguneroko bizitza isladatuko zuen proiektu bat gauzatzea. Gainera, aipatu bezala, perfil ezberdinetako iheslari horietako bat Garikoitz Ibarluzea izateak, «motibazioa eta dinamika handitzeko» balio izan die.

Ibarrako Udalak, esate baterako, proiektuaren bultzatzaileek egindako eskaerari erantzunez 2.100 euroko diru laguntza eman du. Horrez gain, ezker abertzaleak berak hasieratik kanpainaren «zabalpena» egin zuen sare sozialen bitartez, eta baita oinarri sozialen lanketa eginez ere. Herrian zehar kartelak eta propaganda era jarri dituzte.Datozen asteetan, crowfundingarekin loturik, proiektuaren egileekin aurkezpen publiko eta zabala egiteko asmoa dute Ibarran . Data zehazteke dagoen arren laster izango da.

Ibarluzearen lagunek ere ekimen ezberdinak jarri dituzte martxan. Esate baterako, interneten ekarpena egiteko zailtasunak dituztenentzat bono laguntzak dituzte eskura, ordaindu ahal izateko. Horrez gain, azaroaren 28rako Subegi elkartean afaria antolatu dute, izena ohiko lekuetan eman daiteke.

Garikoitz Ibarluzea • Iheslaria

Garikoitz Ibarluzea Kaxa Hutsak proiektuko protagonistetako bat da.  Ibarluzea 2005etik Londresen legalki bizi den euskal iheslaria da, ibartarra zehazki. 2014an espainiar estatura itzultzeko pasaportea eskatu zuen, baina ukatu egin zioten.
Nola iritsi zitzaizun proiektu honetan parte hartzeko proposamena?
Josu Trueba lehenagotik ezagutzen nuen eta aurretik ere elkarrizketa bat egin zidan, nire egoera azaltzeko.

Zer moduz hartu zenuen ideia?
Ondo. Proiektu oso sakona da, barnetik kontatzen du gure bizitza eta proiektu oso erakargarria da. Iheslarion egoera zein den ikusita gure ahotsa entzuteko baliagarria da.

Iheslarien gaia hor egon izan da, baina gaian sakontzea zaila izan da. Garai egokia da horretarako?
Garbi dago momentua egokia dela. Azken hiru hamarkadetan, iheslaria mito bat izan da. Iheslaria beti izan da ezkutuan dagoena, segurtasun kontuak direla eta arriskua zegoela ikusita, ez zen unea. Baina orain iheslarien kolektibotik eman diren pausoak eta gatazkaren konponbiderako zer garrantzitsua den ikusita, momentu egokia da. Bereziki iheslarien iniziatibarekin eman diren pausoengatik.

Aurrera begira ere pausoak ematen jarraitzeko asmoa duzuela azaldu zenuten. Hortaz, gaiak hor jarraituko du.
Bai, hori da. Nik uste merezi duela ematen diren pausoak aberatatsak  direla. Iheslari batzuk bere sorterrira itzultzeko aukera izan dute eta besteok ere itzuli ahal izateko atea zabalago dago. Herriak gaia serio hartu duela eta iheslariak etxera ekartzeko asmoa duela ikustea ona da.

Proiektuak benetan iheslarien errealitatea ezagutarazteko balioko du?
Ziur baietz. Iheslari baten eguneroko bizitza kontatzen du; jaikitzen den unetik oheratzen den unera artekoa. Egunerokotasunean zer bizi duen, zer arazo izan ditzakeen bai lana lortzeko edo dokumentazioa lortzeko, etab. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zait. Argazki batzuk atera edo hitz batzuk idatzi ditzakezu, baina ez da berdina bizitza barnetik kontatzea. Jendeak ikusi ahala iheslari baten egoera biziko du. Denena ez da berdina, baina ideia bat egiteko balio dezake.

Zein da egun zuk iheslari bezala bizi duzun errealitatea?
Nire kasuan legalki nago, lana dut eta kontratuarekin nago. Dokumentazioa ez didate ematen eta horrek arazoak ekar ditzake. Baina, nire errealitatea nahiko finkatuta dago. 2014an pasaportea eskatzera joan nintzen baina ukatu egin zidaten.

Zergatik da garrantzitsua proiektuak babes ekonomikoa jaso eta aurrera egitea?
Bereziki iheslarion bizitza barnetik kontatzen duelako. Barnetik kontatzen duelako iheslari baten errealitatea zein den. Orain arte egin ez dena. Etorkizunari begira lan egiteko asmoarekin jarraitzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!