Aitzol Doyharzabal: «Mendiak zure lekuan egoten laguntzen dizu»

Asier Imaz 2014ko aza. 16a, 12:34

Aitarekin zortzi urte zituela joan zen 3.000ko mendi bat igotzera. Geroztik, ezin izan du tontorretik jaitsi Aitzol Doyharzabalek (Ibarra, 1982). Mendian lo egitera joaten zen lagunekin 13 urte zituela, eta mila eta bat ilargi ikusi ondoren, gau batez, 4.000 metroko altueran aurkitu zen zintzilik; izotza lagun izatetik etsai izatera nola pasatzen zen ikusiz. Urruneko mugak eskalatzen, bertan aurkitu du mendiak.

Abentura naturan.
Gauza asko esan nahi ditu horrek. Baina niretzat kirola eta mendia lotzea gauza ederra da.

Nolakoa da bizitza mendiari eta kirolari uztartzea?
Polita, eta aldi berean, gogorra.

Eta lantegi bihurtzea?
Polita. Harrotasuna ere badela esango nuke. Gustatzen zaidan gauza batetik bizi naiz.

Gazte-gaztetatik mendiari lotuta egon zara.
Zortzi urterekin nire aitarekin lehen aldiz 3.000koa igo nuen, ordutik mendian gora eta behera ibili naiz, hasiera batean oinez eta gero eskalatzen.

Mendiaren izena gogoratzen al duzu?
Taillon (3.144m). Ordesa eta Bujaruelo artean dago. Oroitzapen berezi batzuk baditut buruan.

Noiz sentitu zenuen mendiaren har hori asetzeko beharra?
Txikitatik mendian hezi ninduten, eta nahi gabe bezala, 13 bat urterekin, Aralarren elurra egiten zuenean lagunak bakarrik joaten ginen, gurasoen aginduei muzin eginez, ospa egiten genuen.

Gurasoek mendian ibiltzen erakutsi, eta zuek arauak puskatzen ikasi.
Esan liteke horrela izan zela. Gure mugak bilatzera joaten ginen.

Muga horien ikusle bihurtu gara, erakusketa bat baino gehiago antolatu baituzu. Izotzean, harrian, mendian... ikusi zaitugu.
Nirea ez da ekintza zehatz batean aritzea; kontua mendian aritzea da. Berdin dit korrika izatea, eskalatzea, izotzetan aritzea... Baina mendian den bitartean, zoriontsu, gustura, aritzen naiz.

Zer ematen dizu mendiak?
Zoriontasuna, lasaitasuna… Bizitza errealean erabakiak hartu behar direnean, mendiak zure lekuan egoten laguntzen dizu, eta bizitza errealean ere zure lekua bilatzen laguntzen dizu.

Zure lekua mendiari lotuta topatu duzu. Kooperatiba bat sortu eta urtebeteko esperientzia duzu atzean.
Oso positiboa izaten ari da. Lehen enpresa batentzat egiten genuen lan, eta hura erosteko aukera suertatu zen. Erosi eta kooperatiba bezala antolatu ginen. Ordudanik, horretan gabiltza sei lagun jo eta ke lanean.

Inguru abentura izena du zuen proiektuak. Zer zerbitzu eskaintzen duzue?
Batik bat, naturan abentura eskaintzen dugu. Naturarekiko hezkuntza eta errespetua bultzatzen dugu.

Adibidez, ikastetxeekin elkarlanean?
Eurentzat egonaldi desberdinak dauzkagu antolatuta. Adibide bezala, Urbasako kanpinean eskaintzen duguna aipatuko dut: hiru eguneko egonaldiak eskaintzen ditugu; ostatua, jana eta naturan egiteko jarduerekin. Hau da, espeleologia, orientazioa, rappela,… Denetarik.

Eta Euskal Herritik kanpo?
Pirinioetan eta Alpeetan dago jarduerak kontratatzeko aukera. Kasu horietan ekintza espezializatua da; eskari zehatzari ematen diogu erantzuna. Edozein tontor, mendi edo zeharkaldi egiteko aukera eskaintzen dugu.

Bezeroentzat abentura dela zalantzarik ez, baina zuentzat?
Lana da, baina guk ere gozatzen dugu. Momentu askotan gainera, bezeroen erreakzioak ikusterakoan emozionatu egiten gara.

Leku bat ezaguna izanagatik, inoiz ikusi ez duenari erakustean, bere begiez ere ikusi ohi da.
Zalantzarik gabe. Adibidez, azken udan, Alegiako Joxirekin Mont Blanc-era joan ginen. Tontorrera iritsi ginenean, denok negarrez bukatu genuen. Oso polita izan zen.

Norbaitek ametsen bat badu, zuengana joan eta errealitate bilakatzen duzue, beraz.
Guri zer egin nahi duten esaten digute, eta guk, neurrira egindako aurrekontua prestatzen dugu. Eskatzea da kontua, gu abenturarako beti prest baikaude. Asmoak errealitate egiteko gure aldetik dena jartzen dugu.

Aipatu duzun Mont Blanc-eko adibidea, horrela izan zen.
Abuztuaren 20aren bueltan egin genuen. Aklimatazio moduan tontor txiki bat egin genuen, 3.000 metrotan. Ondoren, Mont Blanc-era jo genuen, eguraldia ez zen oso ona, eta igoera azkar bat egin behar izan genuen. Azkenean lortu genuen tontorra egitea, hotz handiarekin baina abentura latza izan zen.

Espezialistentzat bakarrik aritzen zarete?
Komeni da. Aurretik guk beti galdeketa egiten diogu bezeroari, zer nolako esperientzia duen jakiteko. Horren arabera erabakitzen dugu joatea edo ez joatea. Pertsona prest ez dagoela ikusten badugu, aurretik entrenamendu bat ere prestatu ahal diogu, berak nahi badu behintzat.

Proiektua aldatu edo egokitzea posible izango da, ezta?
Hori da. Gu beti saiatzen gara Mont Blanc, Aneto edo betiko tontor ezagun horiek jendeari burutik kentzen, eta mendi tontor gehiago badaudela esaten diegu; Mont Blanc bezain politak, edo politagoak.

Izen famatu horien moda nabaritu al duzue?
Bai. Moda horren adibide egokia Mont Blanc bera izan daiteke gainera. Mundu osoko hirugarren paraje natural bisitatuena da, Japoniako Fuji Yama eta Niagarako ur jauzien ondoren.

Eta arriskutsua.
Jende uholde horrek arriskua dakar.

Zortzi milakoak urrun geratzen zaizkizue?
Pertsonalki ez naute motibatzen. Nahiago dut sei milako eder bat eskalatzea. Eta lanari dagokionez, Alpeetan geratzen gara oraingoz, oso konpromiso handia exijitzen dute beste horiek.

Telebistako programa baterako lanean ere ibili zarete, Donostiako portuan.
Irrikitown saioaren aurkezpen esketxa egiteko deitu ziguten. Lekeitioko antzarraren errepresentazioa egin nahi zuten, eta horretarako, soka eta poleaz osatutako muntaia egin behar izan genuen. Segurtasun talde gisa ere aritu ginen egun hartan; gutako bat neoprenoarekin han, Donostiako portuan, uretara botatzeko prest.

Zuen zerbitzuek, beraz, ez dute etenik.
Eskarietara egokitzen gara. Herriko jaietan ere ibiltzen gara tirolinak eta tankerakoak antolatzen. Horrelakoetan, lekua bisitatu eta neurriak hartzea da kontua.

Inguru Abentura kooperatiba bat dela esan duzu. Nolako lan dinamika daukazue zuen artean?
Guztiok gara mendi gidariak. Arlo desberdinetan aritzen gara: espeleologoak, eskalatzaileak, barrankistak, alpinistak... Hala ere, batzuei bulego lan gehiago egitea tokatzen zaie. Beste batzuk, materialaren gaira eta mendira gehiago jotzen dugu.

Bulego lana ez zitzaizun zuri egokituko, ezta?
Hasiera batean bai. Baina azkenean erabaki genuen nire lekua kanpoan zegoela. Gustura nago horrela, eta asko eskertzen dut.

Afizioa lanpostu bilakatu duzu; kalterik egin dio?
Puntu bat egon liteke. Baina beti bilatzen dugu motibazioa hemendik edo handik jarraitzeko.

Espedizioren bat buruan? Baretu al dira ametsak?
Pixka bat baretu dira, baina hala ere, gauzatu nahiko nukeen proiekturen bat badut buruan. Hego Ameriketan bada mendikate bat, Andeetatik apur bat banatuta. Bertan badira mendiak hogei urtetan inork igo ez dituenak. Horietako tontor bat zapaltzea gustatuko litzaidake.

Mendi puntara igo eta egiten duzun lehenengo gauza?
Ingurura begiratzea.

Eta bigarrena?
Ur trago eder bat hartzea.

Goran denbora bat lasai egotea gustuko duzu?
Normalean bai. Baina askotan, igoera gogorra izaten denean, hoberena arropa jantzi eta behera abiatzea izaten da.

Motxilan arropa eta uraz gain, zer daramazu?
Linterna; oso-oso garrantzitsua da. Ura eta aldatzeko arropa eramateaz gain, noizbehinka tabako pixka bat ere eramaten dugu.

Musika?
Bai. Askotan musika darabilkit buruan, edo besterik gabe, kantari joaten naiz.

Eta buruan kanta bat sartu, eta behin eta berriz bueltaka ibiltze hori. Pasatzen al zaizu?
Askotan. Eta baita nire kideari ere buruan sartu eta niri errieta egitea ere.

Mendia bizi filosofia gisa bizi duzu.
Egunero mendian egotea, tailer batean edo ez dakit non egon beharrean..., hori asko baloratzen dut, eta zoriontsu egiten nau.

Zer da arriskua?
Zerbait erlatiboa. Guk arrisku kudeaketa egiten dugu. Arriskua beti hor egongo da. Arriskua ezagutzen eta saihesten jakin behar da. Horretarako, lehenago neurriak hartu behar dira.

Beldurra sentitu duzu inoiz?
Bai, askotan. Eta baita burutik pasa ere: «hau ez da nirea». Zintzilik gau hotz bat pasa ondoren.

Non eta noiz pasa duzu «zintzilik gau hotz bat»?
4.000 metrotan, duela lauzpabost uda. Alpeetan gaua pasatzea tokatu zitzaigun. Izozketak izan genituen oinetako eta eskuetako behatz-hatzetan. Eguraldia ona zen, baina horman nahastu eta uste baino luzeago joan zitzaigun. Gaua sartu zen, eta ilunpetan, eskalada zailegia zenez gaua bertan pasa behar izan genuen.

Une horretan bizitzak ere beste ikuspegi bat eskainiko du, ezta?
Baita zure soka-kideek ere. Orduan ezagutzen duzu pertsona bakoitza nondik doan.

Buruan al duzu hurbileko hurrengo abentura?
Alpeetara goaz bizpahiru lagun, pare bat astez izotz eskalada egitera. Lanetik kanpo goaz oraingoan. Leku berezi batera: ehunka ur-jauzi daude bertan. Eta berezitasunik handiena, 400 eta 500 metrokoak direla da.

Eta laneko hurrengo abentura?
Neguan lasaiago ibiltzen gara, baina Gasteizko Udalarekin elkarlanean Kirol bidean kanpainan egiten dugu lan. Abodi eta Irati ingurura joaten gara ipar eskia, snow-a eta elur-erraketak praktikatzera. Facebook-ean Inguru Abentura jarri, eta bertan daude xehetasunak.

Eskia ere jorratzen duzue, hortaz?
Azken finean, natura eta abentura da gurea.

Eta abentura naturan.
Hori da.

Ataria irratiko Eutsi Goiari! saioan elkarrizketa entzuteko aukera izango duzue azaroak 20, osteguna 12:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!