Ibarraren beharrei erantzuteko hirigintza plana osatzen ari dira

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 13a, 11:00

Plana osatzeko proposamenak herritarrekin aztertzeko lehen bilera hilaren 19an izango da, kultur etxean, 17:30ean euskaraz eta 19:15ean gazteleraz; lehen bilera honetan Ibarra mendebaldea aztertuko da

Ibarrako Udalak atzorako deialdi berezia egina zuen herritarren artean. Izan ere, Ibarra herritarrekin batera eraikitzea da udalaren helburua. Horretarako hirigintza antolamendurako plan berria osatzen ari dira eta atzo izan zen herritarrak informatzeko lehen bilera.

Kultur etxean bi txandatan bildu ziren herritarrak. Bileran udaleko ordezkariez gain, Tokiko Agenda 21en parte hartu duen Enea taldea eta Itziar Agirrezabala udal arkitektoa ere bertan izan ziren. Herritarrei Ibarraren inguruan egin den azterketa eta diagnostikoa azaldu zitzaien. Hala ere, aurrera begirako aukerak xehetasun handiagorekin landuko dira datozen asteetan egingo diren bileretan.

Lehena azaroaren 19an izango da kultur etxean, 17:30ean euskarazkoa eta 19:15ean gaztelerazkoa. Bilera honetan Ibarra mendebaldeko aukera aztertuko da.

Ibarraren azterketa

Ibarran plan orokorra prestatzen 2004an hasi ziren, eta Itziar Agirrezabala udal arkitektoaren esanetan «ia bukaeraraino eraman zen». Baina, udal korporazio berria sartzean, hirigintzari zegozkion «faktoreak desberdinak» zirela eta egoera berria zela kontuan hartuta, prozedura «gelditu eta eguneratzea» erabaki zuen.Orain arteko plan orokorra 1991koa da, «zaharra» Agirrezabalaren ustez. Orduko irizpide nagusietako bat herrian dauden zazpi mintegiak «ez okupatzea» zen.

Plan hark «errebisio osoa» eskatzen zuen, eta eman beharreko prozedura «astuna» da. Baina, bide horretan Ibarraren egoeraren azterketa egitera iritsi dira.

Ibarran duela mende bat eraikin nagusiak «eliza» eta «baserri bakan batzuk» zeuden. 70. hamarkadan «bikoiztu» egin zen. Ibarrak hazkunde «itzela» izan zuen 80. hamarkadara arte. Baina, azken hamar urteetan «gero eta gazte gutxiago» daude. Agirrezabalaren esanetan, Ibarrako gazteak «Tolosaldeko beste herrietara» joan dira bizitzera. Hortaz, Ibarran etxebizitza berriak egoteko aukerarik ez egotea «arazo» bihurtu da. Egoera ekonomikoaz gain, «ez dago eskaintzarik». Eraikita dauden etxeen okupazioa ere altua da. Espazio libre «gutxi» dago.

Gauzak honela, herriaren deskripzioa egitean bi gauza «nabarmen» daude. Bata erreka herriaren erdian egonda, herriak «ez duela erreka horretaz disfrutatzen». Eta bestetik, kale nagusia Euskal Herria da, eta auzune desberdinak adar bezala sortu ziren. Agirrezabalak azaldutakoaren arabera bederatzi auzo daude sartu-irteerarik ez dutenak. Ondorioz, ez dago auzoen arteko loturarik eta «egiturarik gabeko» herria da. Ibarran nabarmena da «esparru libre gutxi» dagoela, eta ez dela oinezkoentzat herri «egokia». Gainera, ekipamenduak ere «oso periferian» gelditu dira.

Etorkizunari begirako aukerak

Agirrezabalaren ustez, etorkizunera begira «aukerak» ditu: «Zelai errekaren okupazioa, libre dauden zenbait eremuren bitartez auzo desberdinak lotzeko aukera...».

Aldaketak egiterakoan ere kontuan izan beharko da Lurralde Zatiketako plana, zeren Ibarrak bere lokalizazioagatik badu bere herriko biztanleez gain, ingurukoei zerbitzu gehiago eskaintzeko aukera.
Herriak dituen beharretan, esate baterako, etxebizitzak aipatu zituzten. 150-400 beharko lirateke azterketen arabera. Zenbait etxebizitza egoera «okerrean» daudela ikusi dute, hortaz, horiek eraberritzeko bakarrik 150 behar dira. Beste 150 aurreikusten dituzte beharko liratekeela «bertan dauden herritarrak bertan bizi ahal izateko».

Mugikortasunaren inguruko proposamen berriak egin beharko dira, nekazaritzarako lurra ahal den neurrian «babestu», ekipamenduetako aldaketak aztertu eta errekari begiratu behar zaio. Behar horiei erantzuteko udalak irizpide batzuk finkatu zituen, eta guzti hori kontutan hartuta hiru proposamen daude.

Ezarritako irizpideen artean lehentasuna «erreka ondoko lurren eraldaketak» izan du, eta ez aldapan dauden lurrek edo sakabanatuta daudenek. Ondorioz, ikusten da herrian dauden baratzeetakoren bat «okupatu» beharko dela. Okupatzen dena beharrei egokituko zaie.

Esan bezala, hiru alternatibak aurrera begira egingo diren hiru bileretan aztertuko dira. Hala ere, atzo adierazi zuten moduan helburua ez da herritarrek hiru alternatibetako bat aukeratzea. Bakoitzak ideia desberdin bat garatzen du. Guztiak 45 egunez herritarren aurrean egongo dira ikusgai.

Ondoren, herritarrengandik jasotako proposamenekin udalak eta udaleko teknikoek aurrera begirako proposamen definitiboa egingo dute. Herritarrek bileretan parte hartzea garrantzitsua da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!