«Auzotarrek ere asko izango dugu jasotzeko egitasmo honi esker»

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 11a, 17:30

Ibarrako Udalak Auzoko egitasmoa martxan jarriko du ostiralean; Oihane Sarasola Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Lierni Etxeberria dinamizatzaileak egitasmoaren xehetasun guztiak azaldu dizkigu.

Ibarrako Udalak Auzoko egitasmoa jarri du martxan. Auzoko euskara, aniztasuna eta herritarrak biltzen dituen proiektu bat da, eta atzo aurkeztu zuen udalak egitasmoa. Otiralean egingo da lehen bilera Ibarran; 17:30ean izango da kultur etxean, eta bertara edonor joan badaiteke ere, lehenago izena ematea eskatu dute. Izen emateko orriak kultur etxean, liburutegian, udaletxearen sarreran eta gizarte zerbitzuetan daude.

Proiektuak hiru helburu nagusi ditu: «Euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzea, herritarrak herriko hizkuntza anistasunaren jabe egitea eta euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza gisa proposatzea». Hala ere, udaletik argi utzi nahi izan dute asmoa ez dela «inor euskalduntzea»; baizik eta «lehenagoko» pausoa da, euskarara «hurbiltzea» du helburu. Garrantzitsuena «hizkuntza desberdinetako ibartarrak harremanetan jartzea» da udalarentzat.

Egitasmoak auzotarrak eta auzokideak behar ditu, eta hortaz, udalak herritar «guzti-guztiak» gonbidatu ditu bileretan parte hartzera. Auzotarrak euskaratik hurbil bizi diren herritarrak dira, eta auzokideak euskaratik urrun bizi direnak. Astean behin izango dira Auzoko egitasmoaren saioak, eta saio horietan «aisia, euskara eta kultura» uztartuko dituzte. Honela, euskara ikasteaz gain, «sukaldaritza elkartrukeak, irteerak, jolasak, etab.» egingo dituzte, eta herrian antolatzen diren «ekintza desberdinetan» ere parte hartuko dute.

Auzoko proiektua martxan jartzeko asmoa aspalditik zuen buruan udalak, baina oraingoan errealitate bihurtu da. Egitasmo honetan buru belarri dabiltza lanean Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi den Oihane Sarasola eta dinamizatzaile lanetan ariko den Lierni Etxeberria ibartarra.

Zer da Auzoko egitasmoa?

Lierni Etxeberria: Auzoko egitasmoa Uemak eta Euskaltzaleen Topaguneak partekatzen zuten kezka batetik abiatu zen: Nola lor daiteke euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarar hurbiltzea? Euskal Herrian dagoen aniztasuna kontuan izanda, herritarrak elkarren artean harremantzeko gunea da, eta harreman hori euskaraz izatea nahi da.

Oihane Sarasola: Ardatza kasu honetan euskara da, baina ez da euskara ikasteko zerbait. Euskara oinarri izango da herritarrak biltzeko.

Zergatik ikusi zenuten Ibarran egitasmo hau martxan jartzeko beharra?

O. S.: Gizarte zerbitzuetan nazionalitate ezberdinetako herritarrengandik eskaera egon da euskaraz bizi edo herrian parte hartzeko. Beharra ikusita, Topagunearekin eta Galtzaundirekin bildu ginen, proiektua azaldu ziguten, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Euskara dakitenak eta ez dakitenak elkartuko dira. Herriko ekintzetan parte hartuko dute dinamizatzaileari esker. Horretarako auzotarrak eta auzokideak behar ditugu.

Nola hurbildu daitezke euskarara, euskaratik urrun bizi direnak?

L. E.: Gaztelerara modu natural batean hurbiltzen dira. Euskarara hurbiltzea zailagoa da, euskaldunok ere lehen hitza ez baitugu euskaraz egiten. Auzoko egoera horiek sortzeko modu fortzatu bat da. Planteatzen dena ez da erraza. Azken batean hizkuntza ezberdinetako eta jatorri ezberdinetako herritarrak elkartu eta euskaraz komunikatzea zaila izango da, eta askotan jo beharko dugu beste hizkuntza batzuetara. Baina, erakutsi nahi dugu hemen badagoela hizkuntza bat, Ibarran integratzeko tresna garrantzitsua dena. Auzoko hasiera bat izatea espero dugu, baina gero herrian egoera hauek naturalki ematea nahi dugu.
O. S.: Ibarra herri bizia da, hainbat ekintza antolatzen dira eta askotan euskara ez dakiten horiek ez dira parte hartzera ausartzen. Auzokorekin bide bat irekitzen zaie parte hartzeko eta bakarrik ez sentitzeko.

Hala ere, ez da norabide bakarreko trukea izango, ezta?

L. E.: Egitasmoan auzokideak eta auzotarrak elkartuko gara. Auzokideak euskaraz ez dakiten herritarrak dira, eta horiek euskarara eta herritarrengana hurbiltzea jasoko dute. Baina, auzotarrek ere jasotzeko asko izango dugu, kultura ezberdinetako ezagutza. Ibarran 29 nazionalitatetako jendea bizi da eta ez dugu elkar ezagutzen. Askotan ez-ezagutzatik sortzen den distantzia da. Gehiago ezagututa, sortzen diren aurreiritziak puskatuko lirateke.

O. S.: Denok herritarrak gara, herrian bizi gara eta elkarrekin bizi behar dugu.

Guzti hori Ibarran lortu daitekeela uste duzue?

O. S.: Hori espero dugu. Ibarra herri aproposa da horretarako. Denon artean zerbait polita sortu daiteke. Beste hamar herritan ere aurrera atera da egitasmoa.

L. E.: Beste herrietan gauza politak egin dira. Guk oraindik ez dakigu zein ekintza egingo dugun. Gerturatzen den jendearen perfilaren arabera izango da. Espazioa irekia da eta edozein adin edo perfiletako jendea etorri daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!