Garagunean gizarteratzen

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 6a, 09:00

Tolosaldeko Garaguneak zentro berria du ikasturte hasieratik; bertan adimen desgaitasuna duten hamabi pertsona daude, eta gizarteko parte aktibo izatea da euren helburua

Adimen desgaitasuna duten pertsona helduek Gipuzkoako Garagune ezberdinetan dute topagunea. Gure eskualdean Garagune berria estreinatzen eta bertara egokitzen ari dira oraindik. Izan ere, ikasturte berria Ibarran hasi dute bertako kideek. Garagunea adimen desgaitasuna duten pertsonek jarduerak burutzeko duten gunea da. Baina, hortaz haratago lagunartea da, aske izateko gunea, norberak bere lekua aurkitzeko gunea. Eta hori nabari da Antton, Nati, Migelito, Carlos, Mari Angeles, Mikel, Miriam, Elena edota Pilirengan. Gogo biziz hitz egiten baitute bertan egiten dutenari buruz.

Mertxe Amiano da Ibarrako Garaguneko arduraduna. Garaguneak 1997an, Donostian, Goienetxe Fundaziotik sortu ziren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailarekin ere egiten dute lan. Helburua adimen desgaitasuna duten pertsona helduei «aukera aberatsak dituen bizitza» eskaintzea da. Pertsonak direla eta «herriaren parte» direla azpimarratu nahi dute, eta hortaz, herriko parte izanda lan egin nahi dute.  

Helburuak lortzeko Garaguneak «pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako plan bat» prestatzen du. Bertan beren «ezaugarriak, bertuteak, gaitasunak, nahiak, beharrak, ametsak...» zeintzuk diren aztertzen da, eta horiek gauzatzeko beharrezko «euskarriak, espazioak, lekuak, pertsonak...» aurkitzen laguntzen diote. Hala ere, azpimarratu behar da plan hori beraiekin egiten dela, eta Garagunetik eta euren ingurune naturaletik beharrezko babesa ematen diotela.

Martxe Amiano Ibarrako Garaguneko arduradunak bereziki azpimarratu nahi du bertako kideak «gizarteko beste edonor bezala pertsonak» direla beste ezeren gainetik, eta zenbait gauzetarako «denok bezala laguntza edo babesa beharko dute agian». Horrek, gizartean «integratuta» egotea eragiten du  Amianoren ustez.

Tolosatik, Ibarrara
1997an sortu zen lehen Garagunea, eta pixkanaka egoitza gehiago zabaltzen joan ziren, Gipuzkoa osoko beharrei erantzuteko asmoz. Egun hamaika zentro daude.Tolosako zentroa 2008an ireki zuten. Ordura arte Tolosaldeko jendea Ordiziara joaten zen, eta jende gehiago zegoen itxaro zerrendetan. Leku egokiago bat aurkitu arte Tolosan Atzegiko Txolarte egoitzan zentroa irekitzea erabaki zuten. Atzegi adimen desgaitasuna duten pertsonen familiartekoen elkartea da. Beraiek egoitza bat dute Tolosan, baina «asteburuetan eta astez 17:00etatik aurrera» erabiltzen zuten, hortaz, Garaguneak beraiek erabiltzen ez zuten ordutegian erabiltzeko «akordio» batera iritsi ziren. Beharrei erantzuteko euren ibilbidea horrela abiatzea erabaki zuten.

Egun adimen desgaitasuna duten  hamabi pertsona daude Ibarran, eta beraiekin Amiano arduraduna eta beste bi begirale daude. Ikasturte hasieran mugitu ziren Ibarrako egoitza berrira, Tolosan, espazioaren arazoa baitzuten, hura «oso txikia» geratzen baitzitzaien eta «mugatuta» zeuden. Horregatik, orain «oso gustura» daude. Ibarrako egoitzan «espazioagatik eta bestelako kontuengatik» euren beharretara egokitzen baita, eta Goienetxe Fundazioak akordio bat lortu zuen Ibarrako udalarekin batera. Behin espazio egoki bat izanda hemendik aurrera zerbitzua pertsona gehiagorengana «zabaltzea» eta Tolosaldeko «beharrei erantzutea» da helburua.

Parte hartze zabala
Ibarrako Garaguneko kideak oraindik leku berrira eta ekimen berrietara egokitzen ari dira. Leku berria dela eta, ekimen berriak egiteko aukera zabaldu zaie. Izan ere, Garagunean dauden pertsonak ez dira lau hormen artean egotekoak. Amianok azaldu bezala, «gizarteko kide» dira, eta beraien zentroan hainbat ekimen burutzen dituzte egunero: eskulanak, egunkaria irakurri, sukaldatu, josi... Zentrotik kanpo ere hainbat ekimen egiten dituzte: kultur etxeko ikastaroak, Tolosako polikiroldegian gimnasia, baratza dute...  Gainera, elkarte edo eragile askorekin elkarlanean ere aritzen dira: Samaniego ikastetxeko Aste Literarioan ipuin kontalari lanetan aritzen dira, Uzturre eta Iurramendi helduen egoitzetakoekin kolaboratzen dute, Mugi Tolosa ekimenean parte hartzen hasi dira, Kattalin elkartearentzat zintak egiten dituzte minbiziaren aurkako sentsibilizazioan, elikagai bankuan eta denbora bankuan laguntzen dute, tapoiak jasotzen dituzte, Tolosako Haurreskolarekin kolaboratzen dute... Amianok azaltzen duen bezala, pertsona hauek  «zenbait gauzetan laguntza behar dute, baina beste gauza batzuetan babesa eman dezakete».

Hala ere, jarduera guzti hauek burutu ahal izateko boluntarioen laguntza ere «beharrezkoa» da. Bai gauza ezberdinak erakusteko, eta baita besterik gabe beraiekin hitz egiteko, laguntzeko... Egunerokotasunerako ezinbestekoa dute laguntza hori Garagunean, eta Mertxe Amianok boluntario lan hori egiteko prest dauden guztian Ibarrako Garagunera gerturatzea besterik ez du.

«Gustuko dut»
Garaguneko txoko batean goizero bileratxo bat egiten dute, eguna antolatzeko. Txoko horretan bilduta norberak dituen zaletasunei eta eginkizunei buruz hitz egiten dute. Amianorentzat hori da «garrantzitsua», norberak gustuko duen arloan parte hartu eta aportatzea.
Carlos, esate baterako, «xehetasunzalea» da eta puzzleak egitea edo astean behin tailerrera joaten direnean

gauza txikiak egitea atsegin du. Antton «oso aktiboa» da; baratzean aritzen da eta tapoiak biltzeaz arduratzen da. Natik kafea egitea edo denbora bankuan egindako lagunarekin paseatzea du gustuko. Migelito sukaldatzen eta gimnasioan aritzen da. Mari Angelesek jostea du gustuko, eta boluntarioarekin ikasten du. Mikelek laguntzea eta eskulanak egitea du gustuko. Miriam bolotan eta bingoan jolasten da, eta ordenagailuan ere aritzen da. Elenak ipuinak kontatzen ditu eta hainbat ikastarotara joaten da. Piliri gehien paseatzea gustatzen zaio, eta koroan abesten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!