Ibartarrek aukeratu dute gustuko estalpea

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 4a, 11:47

Nudisque proiektua izan da irabazlea, 141 botoetatik 76 eskuratuta.

Ibarrako Udalak herritarren artean parte hartze prozesu bat zabaldu zuen San Bartolome plazan nolako estalpea nahi zuten ideia ezberdinen artean aukeratzeko, eta bozkak eman ostean jada aukeratu dute zein den proposamen irabazlea. Hain zuzen ere, Nudisque izeneko proposamena izan da irabazlea 76 botorekin.

Irailean zabaldu zuen udalak estalpea egiteko ideia lehiaketa, eta hamabi ideia aurkeztu ziren. Udalak azaldu bezala, epaimahai batek «teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak» ziren hiru proposamen aukeratu zituen, eta herritarrei euren iritzia jasotzeko parte hartze prozesua zabaldu zuten. Hamar egunez egon ziren aukeratutako hiru proiektuak, azalpen eta guzti, kultur etxean. Hamar egun horietako batean Itziar Agirrezabala udal arkitektoa eta Jesus Peñagarikanoalkatea kultur etxean izan ziren herritarrek zituzten zalantzak argitzeko. Bertan agertutako zalantzak, «frontoiaren erabilerarekin» edo «berokuntza sistemarekin» lotutakoak izan ziren, besteak beste. Hiru proposamenak ezagututa, lau egun izan zituzten herritarrek bozkatzeko.

Ibarrako Udalak adierazitakoaren arabera, «larehundik gora» herritar pasa dira kultur etxeko erakusketatik, «kontsultak egitera, zalantzak agertzera edo iradokizuna agertzera». Botoa, berriz, 141 pertsonek eman dute, eta azkenean boto gehien jaso dituen proiektua Nudisque izenekoa izan da. Guztira 76 boto eskuratu ditu. Bigarren I Barra Barra proiektua geratu da 51 botorekin, eta hirugarren Gora À Gora 11 botorekin. 

Herritarrek botoa emateaz gain, iruzkinak egiteko aukera ere bazuten. Udalak azaldutakoaren arabera, 18 iradokizun jaso dituzte, «orain egingo den obra proiektuan kontuan izateko».

Herritarrek aukeratutako proiektuaren inguruan, Itziar Agirrezabala udal arkitektoak azpimarratuko luke Kataluniatik jasotako proposamen hau «gehiengoak gustukoen izan duen aukera» izan dela, bai herritarrei eta baita teknikoei gehien gustatu zaiena ere. Agirrezabalaren ustez, proiektuaren formak «bat egiten du plazarekin», bere ustez «ondoen egokitzen zaiona» da. Gainera, Agirrezabalaren ustez aipagarria da hiru material nahasten dituela: burdina, harria eta egurra. Honakoa zelarik harria erabiltzen zuen proiektu bakarra. Aurrera begira, proiektua egokitu eta estalpea eraikitzea da hurrengo pausoa.

Udalak «eskerrak» eman nahi izan dizkie kontsultan parte hartu duten herritar guztiei. Era berean, gogorarazi nahi izan du laster parte hartzeko beste aukera bat izango dutela «plan orokorra lantzeko» saio batzuk antolatu baitituzte, azaroan zehar. Hala ere, aurrera begira proiektu honen berri ere emango dutela azaldu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!