Liderraren etxean, berdinketa

Asier Imaz 2014ko aza. 3a, 11:41

Debabarrena Concepto Egile ligako talderik indartsuenetakoa da. Igotzeko hautagai nagusia. Asteburuan jokatu zen zortzigarren jardunaldira, sei garaipen eta porrot batekin iritsi zen; etxean jokatutako partida guztiak erraz irabaziz. 

Lauburu Ibarra bederatzigarren postuan egon arren, dinamika onean dagoen taldea da. Aurreko liderrari, duela hiru jardunaldi, etxean irabazi zion: ezustekoa. Igandean, egungo liderraren aurka, bigarren ezustekoa: berdinketa.

Elgoibarren partida oso polita jokatu zuten bi taldeek. Lauburu honako bostekoarekin irten zen kantxara: Joseba, Unai, Uzkudun, Garmen eta Ezeizarekin. Ondoren, Mauro, Txipi, Borja, Kristian eta Loitzunek ere minutuak jokatzeko aukera izan zuten.

Debabarrenakoak sendo irten ziren, eta markagailuan aurreratzea lortu zuten, 11. minutuan. Atsedenaldira bitarte, ordea, ez zuten aldea handitzen asmatu. Ibartarren gola ere ez zen urruti ibili, baina emaitza horrekin joan ziren bi taldeak aldageletara. Hein handi batean, bi atezainek egindako lanagatik.

Bigarren zatia bikain hasi zen ibartarrentzat. 30. segundoan, Uzkudunen jaurtiketa baten ondorioz, Garmenek banakoa lortu zuen, erretzazea aprobetxatuz. Gipuzkoarren arteko derbia interesgarri jarri zen: bi taldeak, garaipenaren bila.

Gola airean zegoen. Edonork lortzeko moduko aukerak egon ziren, baina berriro etxekoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, Oskarrek 29. minutuan lortutako golari esker. Kontraeraso azkar baten ondorioz lortu zuten elgoibartarrek 2-1ekoa.

Kokildu beharrean, ibartarrek aurrera egin zuten. Bost minuturen faltan iritsi zen saria. Lehen golean bezala, Garmen adi zegoen bigarren zutoinan, eta bere erremateak binakoa jarri zuen markagailuan.

Etxekoak ere ez ziren kokildu berdinketaren ondoren. Irabazi ala galdu; dena emateko prest; eta atezain jokalariarekin hasi ziren. Lauburu Ibarrak lortutakoa ez zuen galdu nahi azken minutuetan, eta defentsan serio hasi ziren lanean.

Aurreko denboraldiko bi derbietan bezala, partida berdinketarekin amaitu zen. «Hemendik aurrera zorterik onena opa diegu gure bizilagunei, eta euren kirol helburu guztiak lortzea espero dugu», adierazi dute Lauburutik. Etxeko jokalarientzat eta talde teknikoarentzat ere esker oneko hitzak izan dituzte Lauburu Ibarrako arduradunek.

Jubenilek, garaipena
Jardunaldia benetan borobila izan da ibartarrentzat, ohorezko mailako jubenilek ere partida handia jokatu baitzuten. Kasu honetan, Lauburukoak Ibarran aritu ziren lehian, eta Castrori 5-2 irabazi zioten.

EMAITZA

Debabarrena          2
Lauburu Ibarra    2

SAILKAPENA
1. Colo Colo                                    19p
2. Debabarrena                               19p
3. Zierbena                                     18p
9. Ibarra                                         11p
16. Labastida                                   3p

HURRENGO JARDUNALDIA
Debabarrena-Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!