Ibarrako piperrak "arrakasta izugarria" izan du Biper festan

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 29a, 10:16

Asteburuan Ezpeletan ospatu den piperraren festara joan ziren 80 bat ibartar, jai giro bikainean ibili ziren; Ibarrako piperrak "harridura eta kuriositatea" sortu zituen

Ibarrako pipar ekoizleak, Hauspoa elkartea, Xepla elkartea, 789 taldea, Ibarrako Udala eta herriko boluntarioak elkarlanean Ezpeletan ospatzen den Biper Festan izan dira pasa den asteburuan. Aurten bertara joan diren lehen aldia izan da, eta Ibarrako piparra ezagutaraztea izan da bisitaren helburua.

Urriko azken asteburuan ospatzen da festa hau. Hasiera batean egun bateko festa zen, baina 180 biztanle dituen herrian 30.000 pertsona elkartzen zirela ikusita, bi egunetara luzatzea erabaki zuten. Festa honen protagonista piperra denez, eta bertako Biper Kofradiak ibartarrak festara gonbidatu zituenez, Ibarrako piperra ezagutaraztea ematera joan ziren Ibarlur kooperatiba, Txumitxa eta Zubeltzu ekoizleak. Gainera, Ibarrak jarri zuen postura jadanik piparra ezaguna zuen Hegoaldeko jende asko gerturatu bazen ere, Frantzia osotik zein Iparraldetik bertaratutakoengan "harridura eta kuriositatea" sortu zuen. 

Ezpeletara jaon ziren ibartarrak jai giroan ibili ziren txaranga eta Giroarte Dultzaina taldearekin batera: "Dantza, kantua eta umorea ez zen faltatu". Bertaratu zirenek elkarrekin bertan prestatutako paella jan zuten, eta 140 postuez osatutako azokaz eta jai-egitarauaz gozatzeko aukera izan zen. Ezpeletarrak Ibarrako herriak jarritako giroarekin "oso pozik" geratu zirela adierazi dute ibartarrek eta datorren urtean ere bertaratzeko gonbita egin zieten.

Ekimenaren sustatzaile izan diren eragileek "eskerrak" eman nahi izan dizkiete bertan "modu batera edo bestera" parte hartu eta ekintza gauzatzen lagundu duten guztiei.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!