Ibartarrek plazan nolako estalkia nahi duten erabakitzeko aukera dute

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 21a, 17:50

Hiru proposamenak biltzen dituen erakusketa kultur etxean dago eta botoa bihartik larunbatera bitarte eman ahal izango da

Ibartarrek San Bartolome plazan nolako estalkia nahi duten erabakitzeko botoak eman ahal izango dituzte bihartik hasi eta larunbatera bitarte. Udaleko epaimahaiak aukeratutako hiru proposamenak kultur etxean daude ikusgai eta herritarrek bertan dute botoa emateko aukera.
Estalkiaren proiektua eguraldi txarra egiten duenean, herritarrei aukera bat eskaintzeko asmoarekin sortu zen. Behin, estalkiaren beharra aztertuta, udalak nolako estalkia nahi zuen erabaki beharrean, herritarrei erabakitzeko aukera eskaini zieten. Bilera ezberdinetan herritarrengandik jasotako beharrak, dokumentu tekniko batean jaso zituzten, eta proiektua diseinatzeko lehiaketara aurkeztu direnek baldintza horiekin egin dute topo.
Irailaren hasieran zabaldu zuten ideia lehiaketa martxan eta hamabi proiektu aurkeztu ziren lehiaketara. Orain epaimahaiak horietatik hiru proposamen aukeratu ditu, eta berriro herritarrei dagokie hiru proposamen horien artean gustuko dutena aukeratzea.
Aukeratutako hiru proposamenek izen hauek dituzte: Nudisque, Gora Á Gora eta I-Barra-Barra. Hiru lanak kultur etxean daude ikusgai urriaren 25era arte, beharrezko plano eta azalpenekin. Herritarrek lanak  10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ikusi ditzakete. Zalantzak dituztenek, berriz, zalantza horiek argitzeko aukera ostegunean izango da 18:30etik 19:30era. Izan ere, udalak saio berezi bat prestatu du horretarako.
Botoa emateko aukera, berriz, bihar zabalduko da, eta ostiralera bitarte 10:00etatik 13:00etara edo 17:00etatik 20:00etara eman ahal izango da kultur etxean bertan. Eta baita larunbatean ere, hilaren 25ean, 10:00etatik 13:00etara. Botoa eman nahi duten herritarrek NANa aurkeztu beharko dute, Ibarran erroldatuak egon beharko dute eta 2014an 16 urte bete beharko dituzte gutxienez.
Kontsulta hau amaitzean, boto gehien duen proposamenak irabaziko du lehiaketa. Erabakitze prozesuaren ostean, proiektua eraikiko lukeen enpresa bat bilatu eta lanak ahalik eta azkarren hastea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!