Sorpresa, baina ez horrenbesterainokoa

Ataria 2014ko urriaren 18a

Lauburuk 1-2 irabazi du Zierbenaren kantxan. Ibartarrek oso joko ona egin dute, eta asko sufritu arren, hiru puntuak ekarri dituzte etxera. 

Txukun ari zen jokatzen Lauburu denboraldi hasieran, nahiz eta hori ez emaitzetan antzeman. Duela bi aste Kastellon kolpe gogorra jaso zuten garaipenak minutu batengatik alde eginda. Pasa den astean, aldiz, lehen zatiko akatsak garesti ordaindu zituen, eta parentesi bat besterik ez zela izan ziurtatzeko gogotsu zeuden Arevalorenak. Aurkari zaila zuten, Zierbena bigarren sailkatua baitzen, eta ordura arte neurketa bakarra baitzuen galdua. Ibartarrak, ordea, ez dira kikildu. 

0-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarrenean indartsu atera dira bi taldeak, eta defentsa izan da protagonista. Zazpi minutu faltan, 1-2ko emaitza zela, atezain-jokalariarekin aritu da Zierbena, baina Joseba bikain aritu da atepean. Asko sufritu ostean, hiru puntuak lortu ditu talde moreak. Ez hori bakarrik, lasaitasun apur bat ere bai. 

Astelehenean, kronika osatuagoarekin batera, Aitor Arevaloren hitzak entzun ahal izango dira Ataria Irratiko Eutsi Goiari saioan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!