Lauburu 2014

Hasiera txarra, bukaera okerragoa

Mikel Iraola 2014ko urr. 13a, 18:09

Porrot mingarria (1-4) jaso du Lauburuk San Juanen aurka, hasierako minutuetan egindako akatsak garesti ordaindu ondoren.

Parekoaren maila ona denean, garesti ordaindu ohi dira norberaren akatsak. Horixe gertatzen ari zaio Laubururi denboraldi hasiera honetan. Lehen neurketetan emaitza txukunak lortu arren, aurkariek akatsak baliatu izan dituzte golak egiteko. Eta larunbateko lehen minutuak aski izan ziren, neurketa hankaz gora jartzeko.

San Juan indartsu irten zen kantxara. Guztiz nagusitu ziren iruindarrak. Moretxoak ez ziren gai jokaldiak osatzeko, kanpokoen presioaren ondorioz. Laugarren minuturako, 0-2 galtzen ziren ibartarrak eta gainera, bost faltak eginak zituen. Hortik aurrera, gehiago neurtu behar izan zuten jokalariek, eta ezin izan zuten Iruñeko taldearen joko agresiboaren pare egon.

Horrela iritsi zen sanjuandarren hirugarrena. Polemika ere izan zuen, izan ere, izan ez zen falta batetik iritsi zen. Aurretik, Josebak beste bat geratua zuen. Hobekuntza txiki bat izan zuen Lauburuk orduan. Gola egiteko aukera argi batzuk sortu zituen, baina ezin izan zituzten sartu. Ibartarrak hobetoen zeuden unean iritsi zen San Juanen laugarrena, eta aldapan gora jarri zuen neurketa.

Atsedenaldiaren ondoren, indartsu irten ziren Arevaloren mutilak. Entrenatzailearen mezua argia izan zen: garaipenaren bila goaz. Mezu hori taktikoki ere nabaritu zen, David Uzkudunek atezain jokalari lanak egin baitzituen. Hori dela eta, San Juan atzean sartu zen eta ibartarren nagusitasuna ugaritu zen.

Txipik 1-4koarekin esperantza eman zion Laubururi bigarren zatiko bostgarrenean. Denbora zegoen oraindik, baina iruindarren defentsa izugarria izan zen. Tarte guztiak itxi zituzten, eta minutuan pasa ahala, etsipena nagusitu zen. Nahi eta ezin.

Neurketaren amaieran, Arevalok epaileen lana kritikatu bazuen ere, ez zien porrotaren errua bota. "Gure akatsak aprobetxatu ditu San Juanek, eta merezita galdu dugu". Prestatzaile billabonatarrak "egiteko lan asko" dagoela aitortu du, baina taldearengan "konfidantza osoa" du. "Egutegi gogorra datorkigu orain, baina dagoena da. Gogor lan egingo dugu emaitza onak iristeko".

Lauburu: Joseba, Unai, Uzkudun, Garmen, Mauro. Aulkitik: Ezeiza, Borja, Cristian, Loitzun, Txipi (1).
San Juan: Iñigo, Javier, Aitor (1), Xabier, Yago. Aulkitik: Andres, Jose María, Guillermo (1), Mikel (2), Zalbide, Pulido, Roman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!